Banpiro bat naiz

1

Binaka jolasteko jolasa da. Abestiarekin batera, aurrez aurre jarritako bi jolaskidek eskuez mugimendu batzuk egin behar dituzte. Kantatzen hasi aurretik, bakoitzaren eskuak elkartuz, bikotearen eskuak jo behar dituzte BAN-PI-RO-BAT-NAIZ esanez. Ondoren, eskuz,
honako mugimendu hauek egin behar ditu bikote bakoitzak:

A. BANPIRO = eskuak elkartuta ditugula bikotearen eskuen kontra jarri.

B. BAT = ezkerreko eskuak elkar ukituz jarrita, eskuineko eskuarekin txalo joko dugu.

C. NAIZ = ezkerreko eskuek elkar ukitzeari utzi gabe, eskuineko eskuarekin bikotekidearen eskuineko eskua joko dugu goialdean.

D. ERDI = ezkerreko eskuek elkar ukitzen dutela, eskuineko eskuarekin txalo joko dugu.

E. ZORO = ezkerreko eskuek elkar ukitzen dutela, eskuineko eskuarekin bikotekidearen eskuineko eskua joko dugu behealdean, eta ondoren esku hauek elkar ukitzen dutela jarri eta ezkerreko eskuak askatuko ditugu.

F. NAGO = ezkerreko eskuak elkar ukitzen dutela jarri.

G. BARABA = ezkerreko eskuak horrela mantenduz, eskuineko eskua askatu, eta izterrean bi kolpe joko ditugu.

H. GOIZETAN = ezkerreko eskuak eutsita mantenduz, eskuineko eskuarekin kriskitina bi aldiz egingo dugu, eta, ondoren, ezkerreko eskuak askatuz norberaren bi eskuekin txalo egingo dugu.

I. IKASTEN DUT = eskuineko eskuarekin bikotearen eskuineko eskua jo, gero norberaren bi eskuekin txalo egin, ondoren ezkerreko eskuarekin bikotearen ezkerreko eskua jo eta, azkenik, norberaren bi eskuekin txalo egin eta, hasieran bezala, eskuak elkartuak ditugula, bikotearen eskuen kontra jarri.

J. HAMABIAK = ezkerreko eskuek elkar ukitzen dutela, eskuineko eskuarekin txalo joko dugu eta hemendik aurrera mugimenduak errepikatuko dira.

2

Abestiak BARABA, UU-AA-UUU-A esaterakoan eskuen mugimendu hauek etengo ditugu, eta eskuak eta gerria alde batera eta bestera mugituko ditugu, azkeneko A esatean eskuak aurpegi parean jarri eta atzamarrak aurrera begira ditugula banpiro aurpegia jarriko dugu.

Abestiaren bigarren zatia lehengoa bezala egiten da.

ABESTIA

Ban-pi-ro-bat-naiz
Banpiro bat naiz
erdi zoro nago
baraba
goizetan ikasten dut
hamabiak jotzen dutenean
txotxolotu egiten naiz
baraba
uu aa uuu a
baraba
uu aa uuu a
Nire aita drakula da
nire ama bere alaba
anai bat ere
badaukat
baina xurgatzen
onena naiz
baraba
uu aa uuu a
baraba
uu aa uuu a

DATUAK

  • Partaide Kopurua: gutxienez 2.
  • Adina: 3 urtetik aurrera.
  • Materiala: ezer ez.
  • Espazioa: edozein.
  • Iturria: Euskal Jolasen Bilduma (Urtxintxa).
top