Baga heitama tutama

1

Bi jokalariak aurrez aurre jarriko dira: gidaria eta asmatzailea. Zozketa bidez hautatuko da zein hasiko den gidari. Gidariaren mugimendua asmatu behar du asmatzaileak.

2

Lau mugimendu mota egin daitezke:

1) Bi besoak altxatu, ukabilak itxita.

2) Eskuineko besoa altxatu eta ezkerrekoa gerrian jarri.

3) Ezkerreko besoa altxatu eta eskuinekoa gerrian jarri.

4) Bi besoak gerrian jarri.

Mugimendua egin aurretik, bi jolaskideek «baga heitama tutama» esango dute. «Tutama» hitza esan bezain laster egin beharko dute mugimendua. «Tutama» hitza esan orduko biek mugimendu bera egiten badute, asmatzaileak irabaziko du, eta hurrengo txandan bera izango da gidari. Bestela, gidariak jarraituko du lan hori betetzen.

3

Bigarren txandan, berriz, esan beharreko esaldia «biga heitama tutama» da. Alegia, zozketa jolas ezagunaren kontatzeko modua erabiltzen da txanda bakoitzean esaldia adierazteko: baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bela, arma tiro pun.

Jolasa berdin errepikatzen da, eta, txanda honetan asmatzaile denak mugimendua asmatzen badu, berriro rolak aldatzen dira. Hurrengoan, «higa heitama tutama» esaldia esango dute. Esaldi ia bera errepikatuko dute, baina lehen hitza aldatuko da: «Laga heitama tutama», «Boga heitama tutama», «Sega heitama tutama»... Hamargarren txandan, «arma tiro pun» esango dute.

4

Jolasa hamar aldiz egiten da. Hamargarren txandara gidari modura iristen dena izango da irabazlea. Ez du axola zenbat txanda irabazi dituen aurretik, helburua ez baita ahalik eta txanda gehien irabaztea, hamargarren txandara gidari moduan iristea baizik.

DATUAK

  • Jokalari kopurua: gutxienez, bi.
  • Espazioa: edozein.
  • Iturria: Euskal Jolasen Bilduma (Urtxintxa).
top