Asto hitz
1
Jokalari guztien artean zozketa egin, eta bi lagun aukeratuko ditugu: bat astoa izango da, eta bestea, astozaina. Aukeratu ez diren jokalariak ilaran jarriko dira.
2
Astozainak eta astoak izen multzo bat aukeratuko dute, eta ozen esango dute zein den. Adibidez: hegaztiak. Horrez gain, esan daitezkeen hegazti guztien artean hiru aukeratuko dituzte, baina beste jokalariei esan gabe. Adibidez: enara, arranoa eta kukua. Hiru hitz horiek hitz debekatuak izango dira.
3
Taldeak aukeratu ondoren, astoa agintariaren magalean jarriko da makurtuta, eta lerroan dauden lagunek banan-banan salto egingo dute haren gainean. Salto egiteko garaian, aukeratutako izen multzoko izen bat esan beharko du jokalari bakoitzak. Kasu honetan, hegaztien izenak esan beharko dituzte salto egitean: ahatea, zozoa, txantxangorria, antxeta...
4
Ezin dira izenak errepikatu. Norbaitek aurretik esandako izen bat errepikatuz gero, astoarena egiten jarri beharko du. Gauza bera gertatuko da salto egitea egokitzen zaion batek hitz debekatua esaten badu; adibidez, enara, kukua edo arranoa esaten badu.
5
Jolasa behin eta berriro errepikatzen da, baten batek huts egin arte; hau da, denek salto bana egin dutenean, berriro hasiko dira salto egiten. Norbaitek huts egiten duenean, ordura arte asto zena astozaina izango da, eta huts egin duena astoarena egiten jarriko da. Aurreko txandan astozaina zena, berriz, saltoka arituko da.
6
Txanda bakoitzean, aukeratutako izen multzoa (zuhaitzak, mendiak, koloreak, frutak...) eta hitz debekatuak aldatuko ditugu.
DATUAK
- Adina: 7 urtetik aurrera.
- Jokalari kopurua: Gutxienez, lau jokalari –hobe gehiago–.
- Materiala: Ezer ez.
- Iturria: Euskal jolasen bilduma (Urtxintxa).