Zomorro mozorro

Testua: Ana Galarraga.

Zomorro batzuei moxorro deitzen zaie, eta, hain zuzen, zomorroak artistak dira mozorrotzen. Normalean, beren etsaiek aurkitu ez ditzaten mozorrotzen dira. Adibidez, intsektu batzuek hosto baten edo makila baten itxura dute; horrela, ia ikusezin bihurtzen dira.

Beste batzuek, itxura beldurgarria hartzen dute, etsaiak uxatzeko. Esaterako, tximeleta batzuen hegoek, irekita daudenean, bi begi handi ematen dute. Nor ausartuko litzateke tximeleta hori jatera? Eta gaueko tximeleta batzuek, berriz, hego zurigrixaxkak dituzte; txori-kakaren edo zirinaren itxura berekoak, alegia. Edozeini jateko gogoa kentzeko modukoak dira!

Baina zomorroak bakarrik ez; beste animalia batzuk ere mozorrotzen dira. Esaterako, suge batzuk suge pozoitsuen kolorez janzten dira, besteei arriskutsuak direla sinetsarazteko.

Itsasoan ere artista ugari daude. Batzuek inguruaren antza hartzen dute, bereizteko zailak izateko. Adibidez, mihi-arrainak zapal-zapalak dira, eta haien azalak harearen kolore berbera du; horrela, itsas hondoan etzaten direnean, ikusezin bilakatzen dira.

Beste batzuek, berriz, harraparia atzetik dutenean, tinta-zorrotada bat botatzen dute, bistatik galtzeko. Zein dira horiek? Txibiak dira, bai!


top