Ze nazka!

Testua: Ana Galarraga

Nazka emozio bat da, eta nazkagarria iruditzen zaigun hori baztertzera edo hartatik alde egitera bultzatzen gaitu.

Berez sortzen da, eta gu babesteko balio du: nazka ematen badigu, seguru asko, kaltegarria da. Usain edo itxura nazkagarria duen jaki bat, adibidez, usteltzen arituko da, edo agian pozoitsua da. Hortaz, nazkak abisu ematen digu ez jateko eta ez ukitzeko. Berdina gertatzen da lekuekin: sartuko al zinateke igeri egitera nazka ematen dizun urmael batean? Hobe ez…

Beste emozioekin gertatzen den bezala, gorputzean adierazten da, barrutik eta kanpotik. Barrutik, bihotzaren taupadak moteltzen ditu, urdaila nahasi, eta goragalea eragiten du. Kanpotik, berriz, aurpegi xelebrea jarrarazten du: sudurra zimurtuta, ahoa beherantz okertuta, begiak erdi itxita eta kopeta uzkurtuta.

Berezkoa bada ere, ikasi ere egiten da; horregatik, batzuentzat nazkagarria den zerbait atsegina da beste batzuentzat. Eta handitu ahala ere, aldatzen doa: umetan ez dira gustukoak izaten zapore mingotsak edo garratzak, eta gero agian bai. Zuk ere gozoa nahiago duzu, baietz?

top