Txipiroi arrunta

Molusku zefalopodoa da: hau da, oinak buruan ditu. Bi begi handi ditu, eta bentosaz estalitako hamar garro ahoaren inguruan, gainontzeko biak baino luzeagoak. Gorputza, burua eta garroak salbu, bi hegats dituen mantu izeneko zorro bigun eta luzearen barruan gordetzen da.

Arrantzan. Arrantzarako garrantzi handikoa da, eta urte guztian arrantzatzen da. Euskal Herrian oso estimatua da sukaldaritzan: txipiroiak tintan prestatzeko saltsa beltza txipiroiak arriskutik ihes egiteko erabiltzen duen tintarekin egiten da.

Nola egiten du igeri? Igeri egiteko,  ura xurgatzen du buru alboan duen zulotik, mantura sartu, eta, ondoren, sifoi batetik presio handiz ur zurrusta bat kanporatu. Zurrustak bultzada eragiten du kontrako zentzuan, eta mugimendua sortu.

Kolorea. Gorputza kromatoforo izeneko zelulez estalia du. Horien bitartez, kolorez aldatzen da, kameleoia lez, kamuflatu eta etsaiengandik babesteko: marrazoak, itsas hegaztiak, ugaztunak… Araldian ere, arrak koloreak aldatzen ditu emea erakartzeko.

Elikadura. Haragijalea da. Txikiek krustazeo eta ornogabe txikiak jaten dituzte, eta handiagoak direnek, berriz, arrainak. Harrapakinak ehizatzeko, bi garro luzeenak erabiltzen ditu.

DATUAK

  • Etsaiengandik ihes egiteko, tinta beltz zurrustak botatzen ditu.
  • Ipar itsasotik Afrika mendebaldera arteko itsasoan bizi da.
  • Ur azaletik 500 metrorainoko sakoneran aurkitu daiteke.

Testua: Oñatiko natur eskola.

top