Sai arrea

Euskal Herriko sarraskijale handiena da: hego baten puntatik bestera ia 3 metro neur dezake. Kolorea arre ilun-horixka du, eta adinaren arabera aldatuz joaten da. Lepoa eta burualdea lumatxa zuri laburrez estalia du, eta buztan motza.

NON BIZI DA?

Mendiko larreetatik gertu dauden harkaiztietako zulo eta plataformetan egiten du habia, adarrak eta artilea erabiliz. Koloniak osatzen ditu, baina zulo bakoitzean bikote bakarra egoten da. Bikoteak bizi osoa irauten du.

ZER JATEN DU?

Gurean, abeltzaintzari lotuta egon da saia, hildako tamaina handiko animaliak jaten baititu: ardiak, behiak, behorrak… Moko gogorrarekin ipurdi aldetik hasten da haragia urratzen, eta poliki-poliki burua sartzen du animaliaren barruan.

NOLA UGALTZEN DA?

Martxo aldera, emeak arrautza bakarra jartzen du habian. Bikotea ia bi hilabetez arrautza berotzen egon ostean, txandaka elikatzen dute txitoa. Ekainean, habia utzi, eta bakarkako bizitzari ekiten dio, 4-5 urterekin bikotea aurkitu arte.

BESTE ZENBAIT DATU INTERESGARRI

  • Borroka gogorrak izaten ditu jateko orduan, baina taldean errazago urratzen du hildako animaliaren haragia.
  • Aire korronteak aprobetxatzen ditu altuera hartu eta alde batetik bestera joateko.
  • Beste hegazti batzuen jarrerari erreparatuz eta ikusmen onari esker bilatzen du sarraskia, hau da, hildako animaliak.

TESTUA: OÑATIKO NATURA ESKOLA

top