Imajinatu gozokiz betetako poltsa txiki bat. Egunero gozoki pila bat izaten dituen bati, poltsatxo horretan gozoki «gutxi» daudela irudituko zaio. Gozokirik izaten ez duenari, berriz, «asko» daudela. Zehazki zenbat dauden jakiteko, zenbatzea da bidea. Horretarako dira zenbakiak.
Hainbat zenbaki mota daude. Guk erabiltzen dugun sistema (0,1,2,3,4,5…) Indian asmatu zuten, eta arabiarrek ekarri zuten hona. Horren aurretik, zenbaki erromatarrak ziren ohikoenak: I, II, III, IV, V… Bitxikeria bat: ez zuten zeroa adierazteko ikurrik! Eta, aurretik, euskaldunek beste zeinu batzuen bidez adierazten zituzten kopuruak: uzta, abereak, egunak eta gauak, ilargialdiak…
Amerikan, maien sistemak bazuen zeroa, eta puntuen eta marren bidez adierazten zituzten zenbakiak. Munduko beste leku batzuetan, bestelako sistemak zeuden, eta batzuek oraindik irauten dute. Kultura batzuetan, nahikoa dute bi eskuetako hatzekin. Hau da, 1etik 10era zenbatzen dute. 10 baino gehiago, «asko» da.
Eta zenbat izan daiteke «asko»? Zenbat zenbaki daude? Erantzuna ezin da zenbakiz adierazi, ez baitago mugarik. Infinitu da, eta ikur berezia du: zortzia, etzana.
TESTUA: ANA GALARRAGA