Lurra borborka

Marikalanbre sofan etzanda dago, burua amonaren magalean duela, eta begiak itxita. Amonaren ahotsa, arnasa eta beroa sentitzen ditu, barru-barruan.

Lehenik, lurrikarak sentitu zituzten. Ez ziren handi-handiak, baina lurrak dar-dar egiten zuen, eta zintzilik zeuden gauzek balantza egin zuten. Halako batean, lurra zartatu zen, indarrez eta burrunbatsu, eta laba ateratzen hasi zen.

—Zer da laba, amona? —moztu du Marikalanbrek.

—Arroka urtua. Bero-beroa da, eta Lurraren barrutik ateratzen da, borborka. Erreka lodiak sortzen ditu, eta ateratzen den lekuaren inguruan tontor bat sortzen du. Hori da sumendia. Eta milaka eta milaka urtean, sumendi bat, eta beste bat, eta beste bat sortzen direnean inguru berean, lurralde bat osatzen dute. Eta urpean gertatzen bada, uharte bat sortzen da. Horrela sortu ziren Kanaria uharteak.

—Hara! Eta hemen, amona, hemen bada sumendirik?

—Bada, hemen ere izan ziren, bai, baina oso-oso aspaldi izan zen. Orain Euskal Herria diren lurrak urpean zeuden garai hartan, baina laba harekin sortu ziren arrokak gaur egun ere ikusten dira, adibidez, Sopelako hondartzan eta Karakate mendian. Nahi baduzu, joango gara ikustera.

—Bai, bai, bai!!! —esan du Marikalanbrek, begiak zabal-zabal eta txaloka.

TESTUA: ANA GALARRAGA.

top