Gaurkoan, esperimentu bat dakarkigu, etxe giroan egiteko aproposa. Koloreak esnetan dantzan jarriko ditugu, ea zer-nolako irudiak sortzen ditugun!
MATERIALA
- Ontzi sakon bat (plater bat izan daiteke).
- Esnea (osoa).
- Elikagai koloratzaile likidoa (hiru kolore beharko dira).
- Ontziak garbitzeko xaboi likidoa.
- Kotoi zotza.
PAUSOAK
1. Bete ontzia esnez.
2. Jarri koloratzaile bakoitzetik bi tanta esnetan, plateraren ertzean.
3. Busti kotoi zotza xaboian, eta sartu esnetan, plateraren erdian.
4. Mugitu kotoi zotza poliki, alde batera eta bestera. Busti xaboi gehiagorekin eta sartu koloreetan… Ikusi zer gertatzen den!
ZERGATIK GERTATU DA HORI?
Xaboiak esnearen gantza desegiten du; desegitean, mugitu egiten da, eta berekin eramaten ditu koloreak batetik bestera.
TESTUA: ANA GALARRAGA