Kurriloa ('Grus-Grus')

Hegazti handi hankaluzea, ibilera dotorekoa. Metrotik gora garai, eta bi metroko hego zabalera du. Sei kilogramo pisatzen du. Lumaje gehiena grisa du. Hegoen muturra, burua eta lepoa, berriz, beltzak ditu, eta buru goialdea gorria du, baita begiak ere. Moko luzea du, gris-berdexka.

ZER JATEN DU?

Orojalea da, baina landare jatorriko elikagaiak jaten ditu batez ere: sustraiak, fruituak, hostoak... Askotan, gainera, soro ereinetan haziak jaten ibiltzen da. Dieta osatzeko, intsektuak, anfibioak, zizareak eta armiarmak harrapatu ohi ditu.

NOLA UGALTZEN DA?

Bizitza osoa bikote berarekin egiten du. Ugaltzeko eztei dantza ederrak egiten ditu, jauzi eta erakustaldi bitxiak eta zaratatsuak. Bi arrautzetatik sarritan bakarrak egiten du aurrera. Txita bi gurasoek zainduko dute, eta 70 egun barru hegan hasiko da.

NON BIZI DA?

Udan Eurasia iparraldean bizi da. Epeltasun bila, udazkenean igarotzen da, milaka kilometro hegan eginaz, eta martxoan berriz buelta egiten du. Landaretza baxuko tokiak ditu gustuko, baita hezeguneak eta zingirak ere.

MIGRAZIOA.

Altu egiten du hegan, baita mendikateen gainetik ere, Pirinioen gainetik kasurako, eta migrazioan denbora aurreratuz. Airearen marruskadura murrizteko, lepoa eta hankak luzatu eta V forman jartzen dira taldean. Lehenengo, txandakatuz, indartsuenak joaten dira.

BESTE ZENBAIT DATU INTERESGARRI.

Beste hizkuntzetan ere, egiten duen soinuaren antzekoa du izena: «grue», frantsesez; «grou», galegoz; «grulla», gazteleraz; «gru», italieraz...

Oso zaratatsua da. Hegan doala, 10-15 segundotik behin egiten du oihu: kru, kru, kru... Soinua lau kilometrotatik entzun daiteke!

Lo, berriz, hanka baten gainean eta burua hego azpian gordeta egiten du; batez ere ur inguruneetan, hartara, etsaia hurbiltzen bada, zipriztinak entzuteko.

TESTUA: OÑATIKO NATURA ESKOLA

top