Eskulapioren sugea ('Zamenis longissimus')

Bi metroko luze ere izan daitekeen arren, metro eta erditik behera izan ohi du. Buru estu eta begi nini biribilduna da. Bizkarraldea arre-gorrixka edo oliba kolorekoa izaten du, alboetan argiagoa, eta sabelaldea hori argia. Ez du pozoirik, eta hortz txikiak dauzka.

GIZAKIEKIKO HARREMANA

Sugeak izaki gaizto eta beldurgarritzat hartu izan dira; ez, ordea, toki eta garai guztietan. Gizakiak aspalditik miretsi izan ditu: azala aldatzeko gaitasunagatik, gaztetasunarekin erlazionatu ditu. Farmazien sinboloan, Eskulapioren suge bi agertzen dira, makila baten inguruan kiribilduta.

ZER JATEN DU?

Karraskariak (arratoiak, saguak, satitsuak, muxarrak), txoriak —habietara igota, baita arrautzak ere—, eta narrastiak (sugandilak eta muskerrak) ehizatzen ditu. Aldi berean, arrano sugezale, zapelatz, azeri, lepahori eta abarren harrapakina da.

NON BIZI DA?

Toki hezeak eta epelak gustatzen zaizkionez, Euskal Herrian isurialde atlantikoan aurkitzen da batik bat, baso misto hostogalkorretan, eta ertzetan eta sastrakadietan. Egunekoa eta eguzkizalea da, baina, 32 gradutik gora izanez gero, babesleku freskoetan ezkutatzen da.

NOLA UGALTZEN DA?

Araldia udaberrian izaten da: bikotea elkarri segika aritu ondoren, kiribildu eta kopula gauzatzen dute. Obiparoa da, hots, arrautzak zuhaitz zuloren batean edo harri edo orbel artean ezkutatzen ditu. Aste batzuen buruan, emeak 5-20 arrautza erruten ditu.

BESTE ZENBAIT DATU INTERESGARRI

  • Hazteko, azal guztia galtzen du, biluztu egiten da.
  • Igerilari kaxkarra da, baina azkarra eta liraina: zuhaitzetara igotzeko aparteko abilezia du, baita enborretan gora ere!
  • Gain behera doa, gizakiak zuzenean hil eta ibilgailuek harrapatzen dutelako, baina baita harentzako habitat egokiak suntsitzen ari direlako ere.

TESTUA: OÑATIKO NATUR ESKOLA.

top