Mutur luzexka, hiruki formako belarri handiak eta buztan luze iletsua dauzka. Larru gorrixka du bizkarraldean eta gorputzaren zatirik handienean. Sabelaldea, berriz, zurixka izan ohi du. Isatsaren punta zuria edo beltza izaten du.
NON BIZI DA?
Basoetako haitzen arteko zuloak, enbor tarteak zein lurzoruan egindako tunelak ditu babesleku. Lurraldea markatzeko, gorotzak, txiza eta okadak uzten ditu lekurik nabarmenetan, baita trikuen gainean ere, euren usaina barreia dezaten.
ZER JATEN DU?
Erbiak eta hegazti txikiak harrapatzen ditu; izan ere, basoko korrikalaririk azkarrenetarikoa da (orduko 45 kilometro egiteko gauza da). Karraskari populazioen kontrolatzaile nagusia ere bada: lursagua, basasaguak, satitsuak... Fruituak eta, noizbehinka, hegaztien arrautzak ere jaten ditu.
NOLA UGALTZEN DA?
Araldia urtarriletik otsailera izaten da. Ostean, ernari 50 egun inguru egoten da, eta kume bat eta zazpi artean izaten ditu. Jaio eta hurrengo udazkenera arte amaren babesean biziko dira.
MEHATXUA
Arranoek azerikumeei erasotzen diete batzuetan. Baina azeriaren mehatxu nagusia gizakia da: animalia preziatua da larrugileen artean, eta gorrotatua baserritarren artean, oiloak harrapatzen baitizkie.
BESTE ZENBAIT DATU INTERESGARRI
Txakurraren eta otsoaren familiakoa da. Aparteko usaimenari eta entzumenari esker, aise aurkitzen ditu elikagaiak. Hanka indartsuak dituenez, bi metroko jauziak egin ditzake. Salto egiten duenean, buztana erabiltzen du oreka mantentzeko.