Kolibri-esfingea

Testua: Oñatiko natur eskola

Macroglossum stellatarum. Intsektu bat da, eta 4,5 zentimetroko hegoak ditu. Goialdetik, gorputz gris-arrea du, eta, azpialdetik, zurixka. Atzealdea beltza da, albo zuriekin. Puntan txoriaren buztan forma ematen dioten ezkatak ditu. Aurreko hegoak arreak dira, lerro eta puntu beltzekin; atzekoak, berriz, laranja kolorekoak. Antena pare luzea eta begi handiak ditu.

Zer jaten du? Egunez, hegan dabilela, lorearen korola barrura tronpa sartzen du nektarra zurrupatzeko. Segundoero 70 hegada egiten dituenez, energia izugarria gastatzen du, eta, indarberritzeko, ordu batean mila lore inguru zurrupa ditzake!

Nola ugaltzen da? Emeak milimetro bateko 200 bat arrautzatxo berde jartzen ditu ziabelarretan, harrak bertatik elikatzeko. Astebetera jaiotzen dira 3 milimetroko beldar hori argiak. Handitzean 4,5 zentimetroko beldar berde bihurtzen dira, ipurdi aldean arantza itxurako punta dutenak.

Non bizi da? Egun guztia hegaz igarotzen du, inon pausatu gabe. Gaua iristean zirrikitu batean gorde eta lo egiten du: loa geroz eta sakonagoa da, eta bi-hiru ordura koma antzeko egoeran gelditzen da. Egunsentian, esnatu eta hegoak astintzen ditu, gorputza berotu eta hegan egin ahal izateko.

Hibernazioa. Migratzailea bada ere, neguan, zirrikituetan gordeta, hibernatu egiten du. Noizean behin, egun epeletan, babeslekutik irteten da elikatzeko.


DATUAK

  • Bere tronpa fin zurrupatzaileak gorputzak besteko luzera du.
  • Ez badirudi ere, tximeleta da!
  • Elikatzeko eta hegan egiteko eragatik datorkio kolibri izena.

top