Itsasoa, altxor bizia

Gure planetak Lurra izena badu ere, azaleraren %70 baino gehiago urez estalita dago. Gure kostak bustitzen dituen ur gaziak Kantauri itsasoa izena du, eta Ozeano Atlantikoaren zati bat da. Ozeano Atlantikoa Europa eta Afrikatik Amerikaraino iristen da, eta Lurrean hura bezain handiak diren beste lau ozeano daude. Zientzialariek oraindik ez dakite nondik atera den ur hori guztia!

Itsasoak bizitzaren sehaskak dira; haietan sortu ziren bizidunak, Lur planeta gazte-gaztea zenean. Batzuk lur lehorrera egokitu ziren, eta besteek uretan jarraitu zuten bizitzen. Gaur egun, beraz, era guztietako bizidunen etxea da itsasoa: olagarro trebeak, balea erraldoiak, arrain ñimiñoak, marrazo azkarrak, koral ederrak, alga fluoreszenteak…

Itsasoak altxor ugari gordetzen ditu, baina Lurrean sortzen dugun zaborraren biltegi ere bihurtu da. Lurrera, errekara edo hondartzara botatzen dugun plastikozko zorro batek aukera handiak ditu itsasora iristeko. Han, arrain edo hegazti batek janariarekin nahastu dezake, eta itota hil daiteke. Bestalde, arrain batzuk oso preziatuak dira jateko, eta gehiegi arrantzatzen ditugu. Horregatik guztiagatik, itsas ekosistemak arriskuan daude.

Hondartzara joandakoan, uretara sartzean, gogoratu zenbat bizidunen etxea den, eta saiatu bisitari ona izaten. Itsasoak eskertuko dizu!

top