Gau luzeen sasoia


Neguan hotz egiten du. Izan ere, Lurra pixka bat etzanda dago, eta, sasoi horretan, Eguzkitik urrutien geratzen den aldera dago okertuta. Hala, Eguzkiaren izpiak oso ahul iristen dira.Eta egunak laburrak dira. Horrek esan nahi du gauak luzeak direla.

Gaurik luzeena abenduaren 21ean izaten da. Hori da neguaren lehen eguna, eta, handik hamar egunera, urteko azken eguna da. Data horien inguruan ospatzen ditugu Gabonak, Eguberri eguna eta neguko jaiak, eta Olentzero menditik herrietara jaisten da.

Olentzero etortzea festa bat da, baina elurra egitea... hori bai oparia! Hodeietatik erortzean, ur-tantak hoztu, eta elur-maluta bihurtzen dira. Mara-mara edo malo-malo egiten badu, hau da, sendo eta lodi, elurrak dena estaltzen eta zuritzen du. Elurrezko panpinak egiteko eta aldapan behera irristatzeko garaia da!

Neguan, lurrak atseden hartzen du. Zuhaitzek, hostoak galduta, indarrak gordetzen dituzte, eta animalia batzuek hibernatu egiten dute: trikuak, igelak, muskerrak, sugeak... Hibernazioan, lotan bezala geratzen dira, eta bizirik irauteko behar duten energia baino ez dute baliatzen. Hartzak ere erdi lotan geratzen dira, baina ez guztiz: arriskuren bat sumatuz gero, erraz esnatzen dira. Zuk nola egiten duzu lo: beti erne, hartzen antzera, edo ziplo, igelen modura?

top