Beldur gutxiago, gehiago jakinda

Beldurra oso sentipen normala da. Denok beldurtzen gara, eta, batzuetan, beharrezkoa da, gainera. Izan ere, beldurrak arriskua aurreikusten laguntzen digu, eta geure buruak babestera bultzatzen gaitu.

Beldurra, buruan ez ezik, gorputzean ere nabaritzen da: bihotzaren taupadak eta arnasketa azkartzen dira, izerditu egiten gara, muskuluak uzkurtzen zaizkigu, eta begi-niniak handitu. Horrek guztiak ihes egiten lagunduko digu.

Batzuetan, ordea, beldurra alferrikakoa da. Horrelakoetan, ia beti, ezezagutzak eragindakoa da. Adibidez, garai batean, jendeak ez zekien zergatik gertatzen ziren eguzki-eklipseak. Ez zekiten Ilargiak sortzen dituela, Eguzkiaren eta Lurraren artean jartzen denean. Ikusten zuten gauza bakarra zen Eguzkia desagertu egiten zela, eta eguna gau bihurtzen zela, tarte batez, eta desgaraian. Beldurtuko ez ziren bada!

Antzekoa gertatzen da ekaitzekin. Uste zuten zeruko izakiek, haserre zirenean, trumoiak eta tximistak sortzen zituztela, gu izutzeko eta zigortzeko. Orain badakigu fenomeno naturalak direla.

Horrenbestez, zientziari esker, lehen beldurgarriak ziren gauza asko orain bitxiak dira, edo interesgarriak, eta batzuk baita dibertigarriak ere!

Testua: Ana Galarraga

top