Zein da objektuen grabitate-zentroa?
GRABITATEA
Grabitatea da objektuak Lurraren erdigunera erakartzen dituen indarra. Ilargia Lurraren inguruan eta Lurra Eguzkiaren inguruan orbitan mantentzen dituen indarra ere bada.
Grabitatearen bidez, ibaiak ozeanoetara isurtzen dira, eta fruituak erori egiten dira zuhaitzetatik. Ibili ere grabitateari esker ibil zaitezke, zure pausoen energiaren aurka jarduten baitu, eta zu lurrean mantentzen zaitu. Naturaren indarrik misteriotsuenetako bat da, baita gutxien ulertzen duguna ere. Atal honetan, grabitatearen indarraren berri izango duzu. Ikasiko duzu zubiek nola egiten dioten aurre grabitateari, orekariek nola eusten dioten orekari, eta grabitateak nola laguntzen duen horman papera jartzen.
MATERIALA
- Erregela bat
ZER EGIN?
1
Jarri erregela posizio bertikalean, mutur bat zure esku-ahurrean duzula.
2
Askatu erregela, eta eutsi orekari ahal duzun denbora gehiena. Sentitzen duzu erregelaren aurka egiten duen indarra?
3
Biratu erregela, eta jarri posizio horizontalean.
4
Jarri erregelaren erdigunea hatz batean, eta mantendu erregela orekatuta.
ZER GERTATZEN DA?
Erregelaren egonkortasuna haren pisuaren, edo beheranzko indarraren, banaketaren mende dago. Erregela orekatzeko, grabitate-zentroa aurkitu behar duzu. Grabitate-zentroa da objektuaren pisu guztia kontzentratzen dela dirudien lekua. Zaila da erregelari orekan eustea bertikal jarrita, erregelaren pisu handiena goian edo behean dagoelako. Erregela horizontal jarritakoan, erraz orekatzen da hatzean, indarra berdin banatzen baita albo banatan. Orekariak grabitate-zentroaz baliatzen dira, kable garai batean orekari eusten laguntzeko. Makila luze bat izaten dute eskumuturren mailatik behera, sokan ibiltzen diren bitartean. Makilak haien grabitate-zentroa jaisten du, eta hala, errazago eusten diote orekari.