Nola sortzen dute ortzadarra urak eta Eguzkiaren argiak?

KOLOREAK

Uhin-luzera desberdinetako argiak objektuak jo eta zure begietara sartzearen ondorio dira koloreak. Argi zuriak kolore guztiak ditu. Argia objektu batera iristen denean, uhin-luzera batzuk islatu egiten dira, hau da, objektua jo, eta berriro itzuli egiten dira; beste batzuk, berriz, xurgatu egiten dira, hau da, objektuek hartzen dituzte. Zure begietan islatzen diren uhin-luzerak dira zuk objektu baten kolore moduan ikusten dituzunak. Belarrari begiratzen diozunean, berdea ikusten duzu, uhin-luzera berdea islatzen delako zure begietara, eta gainerako koloreak xurgatu egiten direlako. Atal honetan, esperimentuak egingo dituzu koloreekin. Nahasi eta bereizi egingo dituzu. Eta zure ortzadarra ere sortu ahal izango duzu.

MATERIALAK

  • Plastikozko edalontzi garden bat.
  • Iturriko ura.
  • Paper zuria.
  • Edalontzia eguzkiak ematen dion leiho-koska batean jartzeko modua izan behar duzu.

ZER EGIN?

1

Bete plastikozko edalontzia iturriko urez.

2

Jarri urez betetako edalontzia leiho-koskan, eguzki-argitan, edalontzia ertzetik pixka bat atzeratzen dela. Mugitu edalontzia, baina irauli gabe.

3

Jarri papera lurrean, eguzki-argia iristen den lekuan. Zer ikusten duzu paperean?

ZER GERTATZEN DA?

Ortzadarra agertu da paperean. Eguzki-argiak zuria dirudi, edo kolorgea, baina kolore guztiek osatzen dute. Koloreak konbinatuta, espektroa osatzen dute, hau da, kolore-banda batzuk. Argia edalontziko uretatik igarotzean, espektroko kolore bakoitzaren argi-izpiak dagokien noranzkoan okertu dira. Izpiak paperean islatutakoan, espektroko kolore guztiak ikusi dituzu, ortzadarra balitz bezala. Koloreen ordena berdina da beti, koloreak noranzko berean okertzen direlako beti.

top