Handitzea

Objektu bat egiaz den baino handiago agerrarazteko prozesua da handitzea. Hainbat formatako leiarren bidez, objektuak diren baino askoz handiago edo pixka bat handiago ager daitezke.

Leiarra da material garden kurbatu bat, argi-izpiak okertzen dituena. Askotariko tresnetan erabiltzen dira leiarrak; adibidez, teleskopioetan eta mikroskopioetan.

Gauzak handituz, asko ikas dezakegu gure munduari buruz. Izaki bizidun txikienak ikusteko aukera ematen digu, baita Lurretik argi-urteetara dauden izarrak ere.

Atal honetan ikasiko duzu naturan non dauden leiar handitzaileak. Halaber ikasiko duzu nola funtzionatzen duten betaurrekoek, teleskopioek eta beste tresna handitzaile batzuek.

MATERIALAK

  • 10 zentimetroko zirkulu bat, kartoizkoa.
  • Arkatz bat.
  • Zinta itsasgarria.
  • Orrazi bat.
  • Paper zuria.
  • Esku-argi bat.
  • Lupa bat.

ORRAZIA ETA IZPIAK. NOLA ERAGITEN DIOTE LEIAR HANDITZAILEEK ARGI-IZPIEI?

1. Egin zulo bat arkatzaren puntaz kartoizko zirkuluaren erdian, eta handitu zuloa arkatzaren ardatzaz.

2. Itsatsi orrazia zuloaren gainean.

3. Jarri paper zuria mahai gainean.

4. Ipini esku-argia paperetik gertu. Jarri kartoizko zirkulua esku-argiaren eta paperaren artean, argiak zulotik distira egin dezan.

5. Utzi gela ilunpean.

6. Jarri lupa paperaren ertzean, argiak handik egin dezan distira. Zer gertatu zaie argi-izpiei?

ZER GERTATZEN DA?

Lupa leiar ganbil bikoitz bat da, erdian ertzetan baino lodiagoa den leiar bat. Argi-izpiak okertu eta zabaldu egiten ditu, eta, hala, objektu batek askoz handiagoa dirudi argia gure begietara iritsitakoan.

top