Oilasko garagardo zalea
Eguerdian bero egiten du Egipton, eta kaskezurra kiskaltzen hasia zuen Izarok.
—Bero dago hemen —esan zuen–, txoriak zorabiatuta zuhaitzetatik erortzeko adinako beroa!
—Groak —esan zuen Fifik.
—Izozki baten modura urtzen ari naiz —izozki-saltzaileak.
—Lehengusu bat hurbil bizi da —Sinuhek—. Etortzeko esaten badiot, Kairoko museora eramango gaitu. Han freskoago egon ohi da beti.
Deitu zion lehengusuari, eta azkar baino lehen hantxe zen furgoneta zahar-zahar bat. Izozkien orgatxoa furgonetan sartzea kostatu zitzaien dezente, baina, gainerakoan, ondo konpondu ziren; berehala iritsi ziren museora.
Sarrerak erosi, eta barrura sartu ziren denak, baita loroa ere! Izaro aho zabalik geratu zen. Hango faraoien harrizko eskulturak, hango momiak eta hango piramide erpinak. Momiek beldur pittin bat eragiten zioten: begi-zuloetatik begiratzen ziotela zirudien. Haiei kasurik egin gabe, hieroglifoak ikustera joan zen neskatoa. Ikaragarri gustatzen zitzaion irudiekin egindako idazkera hura! Ederra zen, sekulakoa!
Fifirekin batera hieroglifoei begira zegoela, lo hartu zuen, itxuraz. Esnatu zenean, ume bat zeukan ondoan, irudietakoen modura jantzia.
—Ni Nefernefer naiz. Zer polita den zure hegaztia —esan zion—, zer da?
—Loro bat —esan zion Izarok.
Izarok ez zuen denborarik izan umeari esateko loro koloretsu hura bitxia zela, magikoa. Egia esan, ume egiptoarrak ez zuen ezer argitu beharrik, bera pozik zebilen loroa bizkarrean hartu eta Izarori bazterrak erakusten. Baziren han datilez betetako palmondo luzeak, dilista soroak, gari eta garagar sail zabalak eta beste hainbat landarez berdatutako zelaiak.
—Nilo ibaiak egindako opariak dira hauek guztiak —esan zion umeak Izarori—. Eta orain gure etxera bazkaltzera joango garenez, Nilori eskertu behar dizkiozu jango dituzun jakiak.
Etxe zuri txiki batera joan ziren, eta hieroglifoetako emakumeen antzeko batek egin zien harrera. Zopa zegoen jateko: tipula-zopa edo garagar-zopa. Izarok tipula-zopa aukeratu zuen. Oso goxoa zegoen. Fifik garagar-zopa. Hura ere gustura ari zen, zupa eta zupa. Halako batean, umeak esan zion Izarori:
—Esaiozu zure txoriari kontuz ibiltzeko garagar-zoparekin, asko hartuz gero burura igotzen da eta.
Halaxe zen. Garagar-zopa burura igo zitzaion Fifiri, eta zopa-zopa eginda zegoen. Mahaiaren gainean pauso baldar batzuk eman, eta albo batera erori zen «kik, kik» zotin eginez.
—Mozkortuta zaude! —egin zion.
Antigoaleko Egipton gari edo garagar ogiarekin egindako zopak ezagunak ziren oso, eta oinarrizko jakia, gainera, nekazari eta txiroentzat. Gaur egun ere, tipulak eta irina egiteko aleek (garia, garagarra, artoa...) garrantzi handia dute hainbat herrialdetan (Indian, esaterako), eta, gai horietako bat garestitzen denean, sekulako arazoak sortzen dira herrialde horietako txiroen artean.
Hieroglifoetan ageri denez, egiptoarrek garagardoaren antzeko zerbait egiten zuten, edari alkoholduna. Dena dela, ez pentsatu gaur egungo garagardoa bezalakoa zenik. Benetan garagar zoparen antzeko zerbait zen, eta ez guk ezagutzen dugun garagardoa. Garagarra, garagar-ogi zatiak, ura, datilak, eztia edota zenbait belarrekin nahastura bat egiten zuten, eta nahastura hori hartzitzen zenean osatzen zen egiptoarren garagardoa. Edan baino gehiago, jan edo hartu egin behar izaten zen, guk kafesnea zoparekin hartzen dugun gisa berean, baina, alkohol dezente izaten zuenez, zopa hartatik gehiegi hartzen zuena mozkortu egiten zen, Fifi gaixoari gertatu zitzaion bezala.
ERREZETA • OILASKO GARAGARDO ZALEA
- Oilasko 1 (harakinari 12 puskatan zatitzeko eska diezaiokegu).
- 4 tipula eder.
- Garagardo litro 1.
- Olioa.
- Gatza.
- Piper hautsa.
Tipula edo garagardoa, garagardoa edo tipula hautatu ordez, plater gozo-gozoa prestatuko dugu biekin. Eta lasai! Garagardoa kozinatu egingo dugunez, ez dugu Fifi bezala mozkortzeko arriskurik.
1. Bota olio zorrotada bat kazola batean, eta jarri berotzen su bizian. Ondu oilasko zatiak piper hautsez eta gatzez, eta pasatu kazolatik, gainazala gorritzeko. Atera erretilu batera, eta gorde.
2. Bota kazola berera aldez aurretik xafletan mozturiko tipula zatiak. Jaitsi sua, eta kontuz erregosi, kolorea gorritu arte.
3. Bota aurrez gorritutako oilasko zatiak. Bota garagardoa oilasko zatien gainera. Irakiten hastean, jaitsi sua, ezti-ezti egos dadin.
4. Prestaketa saldatsua denez, zerbitzatu prestatutako jakia plater sakonean, geratzen den salda ere gustura jango dugu eta!