'Shepherd's pie'

Veneziako gondola batean osaba Manex zerrenda bat idazten ari zen. Izaro, hura ikusteko amorratzen, baina osabak zerrendatik begiak altxatu eta esan zuen:

—Begira, han dago Miss Victoria.

Izarok begiratu zuen osaba Manexek adierazten zuen lekura, eta emakume txiki samar bat ikusi zuen: alkandora parpailadun brodatu zuria, gona luzea eta aterki txiki dotorea (edo eguzkitakoa zen?).

—Hori da? —xuxurlatu zion osabari—, Mary Poppinsen filmetik irten dela dirudi.

—Zaude isilik! Ez dut nirekin edo zurekin mokoka hastea nahi. Dama handiaren itxurak egitea gustatzen zaio, eta erraz haserretzen da.

Izarori, ordea, barrea etorri zitzaion ezpainetara filmeko dama ingelesak gogoratuz. Miss Victoria konturatu zen; itxi zuen aterkia, eta bi edo hiru kolpetxo jo zituen lurrean, berantetsita eta haserre dagoenaren itxurarekin.

—Nor da zurekin datorren neskatila arlote hori? Eta zer egiten duzu hegazti zarpailtsu bat sorbaldan duzula? —galdetu zuen ingeles handitsu eta puztuan.

Fifiri begiak biribildu zitzaizkion, mokoa okertu eta atzaparrak kakotu. Hegan hasi zen atso ingelesaren alderantz.

—Et, et, et! —esan zion Izarok—. Bakea behar dugu.

Loroa, gogo txarrez, Izaroren sorbaldara joan zen Miss Victoriaren aurpegira joan ordez. Osaba Manexek hasperen egin zuen, ozenki. Gero, osaba eta emakume ingelesa denbora luzez trabatu ziren berriketa bizi-bizian; esan nahi da ingelesa errietan eta osaba Manex denari baietz esanez: «Yes, my dear Miss Victoria». Amaieran, andereak keinu bat egin zuen aterkiarekin Izaro eta Fifiren alderantz eta osaba Manex haiengana hurbildu zen.

—Denbora gutxi dut despeditzeko. Gero atso petral horrekin joan behar dut. Ikusi duzue nolakoa den, berekoia eta jeloskorra. Lehen ere esan dizut, Izaro, ezin zaitut eraman nirekin. Erotu egingo ginateke emakume horrekin. Baina hemen idatzi dizut bisitatuko ditugun herrien zerrenda, eta horietakoren batean denbora librerik baldin badut, mezu bat bidaliko dizut Fifi eta biok etor zaitezten niregana. Posta elektronikoan begiratu...

—Johnny!

—Johnny deitzen dit. Ez du Manex esaten asmatzen —esan zuen osabak—. Agur! Laster ikusiko dugu elkar!

Miss Victoriak ipurdiak alde batera eta bestera mugituz egin zuen alde, eta osaba atzetik joan zitzaion. Atzerantz itzuli eta musu bana bidali zien Izarori eta Fifiri. Veneziako bazter hartan, lehen baino astunagoa egin zitzaion tristura eta herrimina Izarori. Begiratu zion zerrendari: Londres, Calais, Nancy...

Londres bakarrik ezagutzen zuen: Big Ben, Tamesis ibaia, zubiak, artzain-pastela, fish and chips... Non zeuden zerrendako gainerako herriak? Interneten begiratuko zuen... etxera joandakoan. Horixe behar zuen orain beste ezer baino lehen, etxera joan, amari musu handi bat eman, asko maite zuela esan eta lo egin. Nekatuta zegoen oso alde batetik bestera ibiltzeaz.

—Itzul gaitezen etxera —esan zion Fifiri.

—Tiens, tiens ! —esan zuen Fifik.


Ingelesak beren ohitura eta tradizioei tinko loturik bizi diren pertsonak direla esan ohi da, eta, nahiz eta Londres lurralde ugaritako pertsonaz osatutako hiria izan, badira zenbait gauza bene-benetan bertakoak direnak, Izarok aipatu dituen horiek barne: Londresko Parlamentua, Dorrearen Zubia, Westminsterreko katedrala, Big Ben dorrea...

Jakiez ere gauza bertsua esan daiteke. Garai batean, oso famatuak ziren Londresko fish and chips deituak —arrain eta patata frijituak, euskaraz esanda— edota baked potato delakoa; patata handi bat da, labean prestatua, eta ebaki handi bat egin, eta hainbat jaki gainean dituela gratinatzen da. Londres hiritik apartekoa da, artzainak bizi ziren landa zabaletakoa, artzain pastela —shepherd’s pie, ingelesez—: hainbat okela eta barazki mota zatikatu, eta patata purearekin estaltzen dira. Ikusi duzue ingelesak patata jale amorratuak direla.

ERREZETA • 'SHEPHERD'S PIE'

  • 500 gramo arkume haragi xehatu.
  • Tipula eder bat.
  • Azenario bat.
  • Apio zurtoin bat.
  • Bi baratxuri ale.
  • Bi erramu hosto.
  • Lau koilarakada tomate saltsa.
  • Olioa.
  • Piper beltz hautsa.
  • Gatza.
  • 500 gramo patata pure.

Janari hondakinak aprobetxatzeko hamaika prestaketa dago. Horiek egiteko ere sormena behar da, noski! Hartu sobrak, ongia maneatu, hornitu, eta, hara, plater gozo eta berri bat! Horietako bat baino gehiago, gainera, ohiko plater bilakatu dira munduko hainbat gastronomiatan; shepherd’s pie horietako bat da. Arkumea prestatu ondoren sobran dauden janari hondarrekin egiten den plater goxoa da. Arkumearekin eta behi haragiarekin egin daiteke, eta, barazki ugariz horniturik, pastel ederra egin daiteke.

1. Txikitu tipula, azenarioa, apio zurtoina eta baratxuri aleak. Kazola zabal batean jarri olioa berotzen, eta txikitutako barazkiak erregosiko ditugu hor. Gaineratu tomate saltsa, eta kozinatu beste bost minutuz.

2. Gozatu arkume haragia piper hautsarekin eta gatzarekin, eta gaineratu kazolako nahasketara. Poliki-poliki kozinatzen jarraituko dugu, haragia egin arte, barazkiekin ongi nahas dadin.

3. Zerbitzatu prestatutako haragia, laberako balio duen erretilu sakon batean; bota gainera patata purea eta zabaldu. Komeni da purea lodi samarra izatea; izan ere, ohikoa izaten da purea zabaldu ondoren, sardexkarekin batera eta bestera markatzea.

4. Jarri labea berotzen, 170 gradutan. Labea bero dagoenean, kozinatu hogei minutuz, eta prest egongo da haragi pastela.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top