Bakailao tortilla

Izarok gogoratzen zuen Fifi burua alde batera eta bestera mugitzen eta hegoak astintzen. Gogoratzen zuen zorabio antzeko bat izan zuela, baina ezin zuen ulertu zergatik zegoen animalia larruz jantzia eta zergatik zeraman azkon hura eskuan. Aurrean otso talde bat zegoen orein bati erasoan.

Bere alboan, larruz jantzitako gizon eta emakume urduriak, ahoetatik lurrun lainoak eginez arnasa botatzean.

—Zu geratu zaitez pixka bat atzerago, Izaro —esan zion emakume indartsu batek—. Ikusi eta ikasi! Eta zu ere bai, Harkaitz.

Harkaitz Izaroren adineko mutiko bat zen, gutxi gorabehera. Ez zitzaion batere gustatu besteen atzean geratzea, ehiztari izan nahi baitzuen, baina emakumeak errepikatu zuen:

—Zu ere atzean.

Lautadan, otso taldea gogor ari zen oreinaren aurka.

—Hori talde nagusia da —esan zion Harkaitzek Izarori. Horrek agintzen du taldean. Eskuineko otseme zuria da beste nagusia. Bi horiek menderatzen baditugu, oreina gurea izango da, eta otsoek ihes egingo dute. Harkaitzek esandako buruzagiaren aurka joan ziren ehiztariak oihuka, eta aizkoraz eta lantzaz akabatu zuten gainerakoak hurbildu aurretik.

Otseme zuria ikaragarri oldartu zen hori ikusita eta ehiztari bati hozka egin zion sorbaldan. Ehiztariak behin eta berriro sastakatu zuen eskuzko aizkora zorrotz batekin. Azkenean, otsemea lurrera erori zen eta hantxe akabatu zuten bi edo hiru ehiztarien artean. Gainerako otsoak ihesi joan ziren.

Izaro papera baino zuriagoa zegoen sarraski hura ikusita.

—Bi otso akabatu dituzte! Eta, zer gertatuko zaio zauritutako gizonari?

—Suertea izan du. Zauri gogorra eta sendatzen zaila du, baina otsoak lepoan heldu izan balio, akabo!

Emakume indartsua otsoen atzetik korrika ikusi zuen Izarok. Lautada ertzeko pendizean zulo bat zegoen. Han eskua sartu eta panpinazkoak bezalako otsakumeak atera zituen. Bat, bi eta hiru. Etorri zenean, haietako bi eman zizkion Harkaitzi.

—Hau zuk zaindu beharko duzu —esan zion Izarori eta hirugarrena eman zion. Txakur txiki bat bezalakoa zen.


Garai batean ehiza, arrantza, eta fruta eta landare bilketa izaten zen jakiak eskuratzeko era bakarra. Bizitza oso gogorra zen, arriskutsua oso.

Gaur egun, gure jaki gehienak baratze handietan jasotakoak edo ukuilu erraldoietan hazitako animalietatik datoz.

Hala ere, itsasoan oraindik ere animalia basati asko, eta landare erein gabe ugari daude. Itsaso, aintzira eta ibai handietatik arrantzatutako arrainak dira aspaldiko garai haiekin lotzen gaituzten jakiak.

Itsasertzeko lurralde askotan, arrainak eta itsasoko emaitzak oso estimatuak dira. Euskal Herrian, esaterako, ospetsuak dira antxoak, hegaluzea, bakailaoa, txitxarroa, berdela...

ERREZETA • BAKAILAO TORTILLA

  • 600 gramo bakailao xehatu (gezaturik).
  • 8 arrautza.
  • Tipulina.
  • Piper berdea.
  • Porruaren alde zuria.
  • Perrexil xehatua.

Orduan, itsasoko animalia basatien atzetik doazen nomadak al dira arrantzaleak? Nomada horien arrantza arrainen migrazioak eta denboraldiak baldintzatzen dute, besteak beste. Gure kostaldean ospetsuak dira bidaia horien inguruko istorio eta ohiturak: urrezko belarritakoak, traineruak... Baita mahai inguruan dastatzen ditugun prestaketa ugari ere. Bakailao tortilla da horietako bat.

1. Berotu olioa zartaginean, eta erregosi hor aurretik xehatutako barazkiak. Gaineratu bakailao xehatua (ongi gezatuta dagoela ziurtatu), eta gozatu su eztian, bost minutuz. Bota iragazkian.

2. Irabiatu arrautzak ontzi batean. Nahasi bakailao eta barazkiak, eta maneatu perrexilarekin.

3. Bota olio pixka bat zartaginean. Jarri su bizian, eta, berotzean, isuri ontziko nahasketa. Tortillari airean buelta emateko trebetasuna behar da, baina saiatuta...Hara! Gaurko otordurako, iparraldeko ur hotzetatik etorritako bakailaoarekin egindako tortilla ederra!

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top