Baratxuri zopa

Sinuhek honela jarraitu zuen ogiaren kondairarekin:

«Ez dakit esan dizuedan, baina eguzkia goi samarrean zegoen okindegiko atea ireki nuenerako. Sartu eta berehala esan nuen:

—Tira, atzo egin gabe utzitakoa gaur egin beharko.

Orduan begiratu nion ore-mahaiari.

—Hau desastrea! —bota nuen, ikusitakoarekin ikaratuta.

Ez dakit zer arraio gertatu zen, baina, ni festan nengoen bitartean, ogi-orea harrotu egin zen. Askatik irten eta ihes egiteko asmoa zuela zirudien. Baina ni ez naiz ore pixka batengatik kikiltzen den horietakoa, eta esan nion oreari:

—Harro al zabiltza? Nik menderatuko zaitut, txikito!

Aska barruan sartzen saiatu nintzen. Ez zen, ordea, nik uste bezain lan erraza. Ore lotsagabe hark askatik isurtzeko joera zuen, eta nik, behin eta berriz, hura tolesten jardun nuen. Esan behar dizuet ni ikaragarri saiatu nintzela ore harro hura ohikoaren antzekoa bihurtzen; sekulako ahaleginak egin nituen, tolesta eta tolesta (gaur egungo okinek egiten duten bezala), baina ez nuen lortu berriro askan sartzea besterik.

Neka-neka eginda, orea ore-mahaian utzi, eta atseden hartu nuen. Esnatu nintzenean (lo hartu bainuen berriz ere), orea lehen bezain harroa zegoen.

—Ore hau bota dudala jakiten badu nagusiak, akabatu egingo nau... Eta botatzen badut, jakin egingo du, nik egindako guztiaren berri izaten baitu kaiku horrek —pentsatu
nuen nire baitarako.

Orea bota ezin nuenez, ogiak ore harrotu harekin egitea erabaki nuen, eta baita egin ere!

Ordura arte egindako ogi zapal eta meheak egin beharrean, beste era batekoak egitea erabaki nuen: biribilak eta zabalak; taloak egin beharrean, ogiak.

Sua piztu nuen, egur txingarrekin berotutako labean sartu nituen ogi biribil haiek, eta kolore gorrixka dotorea hartu arte utzi. Ordura arte inoiz egin gabeko ogi mota
asmatu nuen: orduantxe asmatu nuen ogi-mamia!

—Nolako ogiak egin dituk gaur, alproja horrek? —esaten zidaten bezeroek, baina, dastatu ondoren, isil-isilik joaten ziren, errieta gehiagorik egin gabe.

—Ederra dago, benetan —esan zidan batek—, nola egin duzu ogi berri hau?

—Hori nire sekretua da —esan nion.

Horrelaxe asmatu zen guk gaur egun ezagutzen dugun ogi mamitsua, eta Sinuhe hura Egiptoko okin ospetsuena bilakatu zen. Ez zen, ordea, batere aberastu. Diru pixka bat biltzen zuen bakoitzean, talde alai eta zaratatsu bati deitzen zion, eta hantxe ibiltzen iji eta aja, irri eta barre, kantu eta dantza...».


Ogi-irinarekin hainbat gauza egin daitezke, pastel goxoetatik hasi eta espagetietara, baina, agian, ogia izan da ogi-irinarekin gizakiak aurkitu duen asmakizunik onena.

Ogia oinarrizko janaria izan da Euskal Herriko gizartean orain dela urte gutxi arte, eta oraindik ere garrantzi handia du, inolako zalantzarik gabe. Orain dela urte gutxi batzuk, ohikoa zen gosarian kafesnea ogi-zoparekin hartzea, hamaiketakoa txokolate, txorizo edo gazta ogitartekoa izatea, bazkarian ogiarekin jatea, askaria hamaiketakoaren antzeko ogitartekoa izatea eta eguna afarian baratxuri-zopa janez amaitzea!

Baratxuri-zopa baratxuriekin eta zopako ogiarekin egiten da, eta ospetsua izan da oraintsu arte, ez bakarrik Euskal Herrian. Ba al dakizu zein den Txekiako jaki preziatuenetako bat? Cesneková polévka. Horixe, baratxuri-zopa.

ERREZETA • BARATXURI ZOPA

  • Litro bat salda (urdaiazpiko salda edo haragi salda izan daiteke).
  • Zopako ogia.
  • Zortzi baratxuri ale.
  • Piper txorizeroz eginiko orea, bi koilarakada.
  • Koilarakada bat piper hauts, gozoa.
  • Lau koilarakada oliba olio.
  • Gatza.

Herrialde askotan aurki ditzakegu ogi zaharrez eginiko prestaketak. Gurean, baratxuri-zopa da ezagunenetako bat. Baratxuri-zopa prestatzeko hamaika modu dago. Oinarrizkoenetakoa prestatzeko argibideak dira hauek. Amaieran, batzuek arrautzak gehitzen dizkiote baratxuri-zopari, baita bakailaoa ere.

1. Jarri olioa berotzen kazola batean, erdiko suan. Moztu baratxuriak xafletan, eta erregosi olio horietan, gorritu arte. Atera oliotik baratxuri zatiak, eta utzi platerean.

2. Moztu zopako ogia zerratan, eta bota oliotara. Ogi zatiei kolorea bizitzen zaienean, bota piper txorizeroz eginiko orea eta piper hautsa. Nahasi ongi azken osagaiak, erre gabe.

3. Gaineratu baratxuri gorrituak, eta isuri salda. Garrantzitsua da su eztian egitea, ogia ongi busti eta ehundura leuna izan dezan.

4. Dastatu salda, eta eman gatz puntua. Prest dago zopa, hasi berri dugun neguan bero-bero jateko. Ona bezain prestatzen erraza!

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top