Oilasko eta fruta lehorren tajina

Izaro eta Fifi Venezian zebiltzan gustura asko. Izaro behintzat halaxe zebilen, gauza berriak ikasi nahian, beti bezala. Oraingoan, izozkiak nola egiten ziren ikasi zuen. Ez zegoen gaizki!

Fifi ere han zebilen, endredatzen, betiko moduan. Izozki-saltzaileak orgatilako estalki bat ireki zuenean, muturra sartu zuen zuloan bihurri halakoak. Hotz zegoen, eta izozki usaina zerion han behekoari.

—Groak —egin zuen.

Izozki-saltzaileak sekulako sustoa hartu zuen hegazti koloretsua orgatilako zuloaren ertzean ikusita, eta estalkia jartzen saiatu zen. Baita jarri ere!

Fifik nola edo hala lortu zuen ihes egitea, baina saltzaileak isatseko lumetako bat harrapatu zion estalkiarekin. Loroak, izuarekin, esan zuen:

—Tiens, tiens!

Izarok aspalditxotik ezagutzen zuen zorabio antzeko hura sentitu zuen, eta konturatu baino lehen harea gune zabal batean agertu zen. Handik pixka batera iritsi zen Fifi, esanez:

—Nire isatseko lumarik ederrena!

Loroak airean bi hegaldi egin baino lehen han zen izozki-saltzailea, esanez:

—Mamma mia!

Hirurak konturatu baino lehen izozkien orgatila iritsi zen, zarata handiz hondarretan erori eta bertan tinko gelditzeko. Hondar muino gainean geratu ziren denak, pila-pila eginda. Saltzaileak galdetu zuen:

—Non arraio gaude?

Izaro konturatu zen turistei gauzak saltzeko dendaxka bat zutela juxtu alboan; dendaria azal ilun samarrekoa zen, eta pentsatu zuen Asia edo Afrikako basamorturen batera eraman zituela loro txoropito hark.

Dendaria zerura begira zegoen. Seguru asko beldur zen handik beste zerbait eroriko ote zitzaion. Ikusi zuenean ez zela beste ezer iristen, oihuka hasi zen, bere hizkuntza ezezagunean, erabat aztoratuta.

—Seguru asko, dendaxkan dauzkan gauzak saldu nahian ari da —pentsatu zuen Izarok.

Neskatoa joan zen dendatxora, eta fruta onduak eta pasak ikusi zituen. Dendariak erreberentzia antzeko bat egin zion, adeitsu, eta, gero, oihuka jarraitu zuen. Izaro ere, lagundu nahian, oihuka hasi zen:

—Datilak! Piku onduak! Albertxiko lehorrak!

Dendariak eskertzeko keinuaegin zion, batez ere basamortutik gamelu gainean turista mordo bat dendara hurbildu zirenean. Izozki-saltzaileak ere ez zuen atzera geratu nahi izan. Hura ere oihuka hasi zen!

—Gelato! Gelato!

—Groak —egin zuen Fifik, aspertuta bezala.

Turistek barre egin zuten, eta fruta onduak eta izozkiak erosi zituzten.


Aurreko batean esan genuen bezala, beti izan da gizakiaren kezka jakiak nola gorde eta kontserbatu. Fruta uzta ugaria biltzen zutenean, esate baterako, zer egin sobera zituzten fruta haiek beste garai batzuetarako gordetzeko? Era bat baino gehiago daude jakiak (frutak, adibidez) gorde eta iraunarazteko, baina denetatik errazena jakiak lehortzea da. Lurralde eguzkitsuetan frutak zabal-zabal eginda jarri ohi dira leku garbi batean, sare mehe batekin estali, zomorroek kalte egin ez diezaieten, eta eguzkipean utzi denbora batez.

Frutak ura galtzen du, eta barnean berezkoak diren azukreak usteldu gabe kontserbatzen ditu. Era horretan egiten dira datilak, mahats eta aran pasak, albertxiko lehorrak, mertxika sikatuak (orejoiak), piku onduak, banana sikuak, sagar zati lehorrak... Basamortuetako bidaiariek, esaterako, asko preziatzen dituzte datilak, oasietako palmondoetan jaso eta eguzkitan ondu ondoren bidaietan jateko egokiak baitira: jaki arina eta indar handikoa!

ERREZETA • OILASKO ETA FRUTA LEHORREN TAJINA

  • Oilasko bat, zortzi zatitan moztua.
  • 200 gramo aran pasa.
  • 100 gramo mertxika sikatu.
  • 100 gramo mahats pasa.
  • tipula, xerratan moztuta.
  • 100 gramo almendra.
  • Olioa.
  • Txikitutako jengibre zati txiki bat.
  • Azafraia.
  • Piper hautsa.
  • Gatza.
  • Kanela hautsa.
  • Azukre koilarakada bat.
  • Laranja lorezko ura, nahi izanez gero.
  • Ura.
  • Sesamo haziak.

Fruta lehorrak oso gozoak direnez, azkenburukoetan erabili ohi dira, baina badira haragi eta barazkiekin nahasita erabili ohi dituzten herrialdeak ere. Berbereek, adibidez, tajin deritzon buztinezko ontzi bat erabiltzen dute; jakiak sukaldatu eta zerbitzatzeko ontzi zabal bat da, kanpai moduko tapaki batekin. Askotariko jakiak prestatzen dituzte ontzi horietan; fruta lehorrez hornituriko haragi gisatuak, esaterako. Prestaketa berezi bezain gozoak.

1. Berotu olio apur bat zartagin batean, almendrak frijitzeko. Almendrak txigortutakoan, atera erretilu batera, eta utzi hozten.

2. Bota tajin-ean lau koilarakada olio. Berotu. Gorritu oilasko zatiak. Tajin-aren ordez, buztinezko kazola bat ere erabil daiteke.

3. Gehitu tipula, jengibre txikitua, azafraia eta piper hauts pixka bat. Ongi nahasi, oilasko puskak ondo gozatzeko. Gaineratu ura, oilasko zatiak guztiz urperatu gabe. Estali tajin-a. Sukaldatu su eztian, 45 minutuz.

4. Lehortutako frutak prestatzeko, jarri kazola batean aukeratutako fruta lehorrak. Gaineratu azukrea, kanela hautsa eta, aukeran, laranja lorezko uraren tanta batzuk. Egosi su epelean, 20 minutuz.

5. Oilaskoa egina dagoenean, gaineratu egositako frutak. Amaitzeko, gaineratu sesamo haziak eta almendra frijituak. Ziur Izarori ere arraroa egingo zitzaiola hain fruta gozoak haragiarekin nahastea, baina dastatutakoan, ummm... bai nahasketa gozoa!

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top