Hazi eta zerealezko granola
Izarok gondola batean ikusi zuen osaba Manex.
—Osaba, osaba! —egin zuen oihu.
Osaba Manex harri eta zur geratu zen iloba Izaro ikusi zuenean.
—Zer egiten duzu Venezian? Zatoz gondolara, eta konta iezadazu nolatan zauden hemen. Zu ere bai, Fifi, zatoz; eta ez izan jeloskorra.
Fifi osaba Manexen sorbaldara joan zen hegan, eta Izaro moila-ertzera gondola hurbildutakoan hara igotzeko.
Veneziako uretan paseatzen zebiltzan bitartean, Izarok Egipton eta Italian izandako abenturak kontatu zizkion osabari. Amaitu zuenean, neskak galdetu zion:
—Eta zuk zer egiten duzu Venezian, osaba?
—Miss Victoriarentzat bidaia prestatzen ari naiz —erantzun zion osabak.
—Miss Victoria? Nor da Miss Victoria? Zure andregai berria? Ez dakit noiz bihurtuko zaren formaltxoagoa eta serio-serio maiteminduko zaren, behingoz! —egin zion errieta Izarok.
—Andregaia? Ez, maitea, Miss Victoria ezkongabea bai, baina 74 urteko emakume «heldua» da. Aberatsa, hori bai, aberatsa oso.
Osaba Manexek kontatu zion Izarori Miss Victoria atso zahar pinpirin bat zela, diruduna eta kapritxoz betea, Veneziako inauteriak eta inauterietako maskarak ikaragarri maite zituena, ia-ia torrone eta mandorlato-ak adina.
—Eta orain dator istorio polita —jarraitu zuen osabak—. Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik Miss Victoriaren gurasoak bidaia erromantiko bat egin zuten Istanbuletik Londreseraino Orient Express izeneko luxuzko tren batean, eta Miss Victoria erabat sinetsita dago bidaia horretan sortutakoa dela, handik bederatzi bat hilabetera jaio baitzen, 1940. urtean.
—Eta?
—Bada, nahiko urte eta nahiko diru nola baduen, alderantzizko bidaia egitea bururatu zaio, Londresetik Istanbulera. Orient Expressik ez dago dagoeneko, 2009. urtean bukatu ziren tren horren bidaiak, baina berari berdin dio; berak Londresetik Istanbulera joan nahi du trenez, eta ahal bada luxuzko trenetan.
—Eta? Zer ikusi du horrek zurekin, osaba?
—Berarekin joateko eskatu didala, bere morroi izateko, bere zerbitzaria.
—Eta zuk baietz esan diozu.
—Bai.
—Eta zuk zurekin eramango nauzu ni.
—Ez. Inola ere ez. Ezin dut horrelakorik egin. Sentitzen dut, baina hori ezinezkoa da. Ez duzu imajinatzen nolakoa den atso sorgin hori. Hala ere, ideia on bat bururatu zait. Emadazu papertxo bat. Izarok papera eman zion osabari eta osaba zerrenda bat idazten hasi zen.
Jakiak denbora luzez irautea gizakion ametsa izan da aspalditik. Gaur egun nahiko erraza iruditzen bazaigu ere, lehen zaila zen janaria alferrik galdu gabe gordetzea. Dena dela, badira jaki batzuek besteak baino askoz gehiago irauten dutenak, landareen haziek, esate baterako.
Mediterraneo inguruan eta Europako hegoaldean, oro har, almendraren hazia energia asko duen jakia da, denbora luzez alferrik galdu gabe irauten duena eta gordetzen erraza. Antzeko hazi iraunkorrak dira hurrak, intxaurrak... Hazi horiek, arrautzaren zuringoa, eztia eta azukrearekin egiten dira Miss Victoriari hainbeste gustatzen zaizkion torrone eta mandorlato-ak. Zuk ere ezagutuko dituzu, seguru asko: turroia, krokantea, nougat-a...
ERREZETA • HAZI ETA ZEREALEZKO GRANOLA
- 2katilukada olo (aleetan).
- Katilukada erdi amaranto edo sabi.
- 2 katilukada hazi nahasketa (hainbat hazirekin nahasketa prestatu: almendra, hurra, sesamo, kuia pipak...).
- Katilukada erdi ezti.
- Katilukada erdi mahaspasa.
- Gatza.
Fruitu lehorrak eta zerealak energiarekin lotzen dira normalean. Ohartu al zarete kirolariek jan ohi dituzten barratxoen ohiko osagaiak direla? Denboran irauten duten osagaiak izateaz gain, gorputzarentzat beharrezkoa den energia iturri aberatsa ere badira. Gosaria osatuko duen edota mokadu energetiko bat osa dezaketen granola prestatzen ikasiko dugu gaurkoan. Ziur osaba Manexek ere horrelakoak daramatzala hastear den bidaia luzerako indarrak biltzeko!
1. Oloa, amarantoa eta hazi nahasketa ontzi zabal batean nahasi, eta gatz apur bat bota.
2. Berotu eztia. Arindutakoan, isuri eztia ontziko nahasketan eta ongi landu, ale guztiak eztiz nahas daitezen. Zabaldu labeko erretiluan.
3. Sartu aurrez 130 gradutan berotutako labean, eta kozinatu 30-40 minutu. Komeni da noizean behin nahastea.
4. Labetik atera, eta, granola epelduz doan heinean, hatzekin landu, aleak banatzeko. Aleturik dugunean, ontzi hermetiko batean gorde eta kito. Gosaria aberastuko duen granola gozoa prest dugu.