Izozkailua

Izaro eta bere aita hirian paseatzen dabiltza oraindik ere, eta gozotegi batera sartu dira. Ez batak eta ez besteak ez zekiten izozkiak ere saltzen dituztela denda hartan.

—Nahi duzu izozki bat, alaba? Aukeratu zein zapore nahi duzun.

Izarok, izozkien zaporeak irakurriz:

—Marrubia, pistatxoa, masusta, sagarra, menda, txokolatea... Eros dezaket zapore bat baino gehiagokoa?

—Aukeratu bikoa. Gehienez bi zapore. Bizitza honetan aukeratzen ikasi behar da.

—Eee... Marrubia eta pistatxoa. Ez! Txokolatea eta anana. Ez! Mangoa eta jogurta.

—Mangoa eta jogurta? Ongi —saltzaileari mintzatuz—. Aizu, emadazu mango eta jogurt izozki bat eta mantekatu bat.

—Zer da mantekatu bat, aita?

—Amonak nola egiten du igandeetan arrautzesnea? Ba, arrautzesnearekin egindako izozkia.

—Eta goxoa al da?

—Utziko dizut pixka bat probatzen, nahi baduzu.

—Ez, ez. Nik mango eta jogurtezkoa nahi dut. Mantekatua jende zaharrarentzat izan behar du. Amonak izozkiari mantekatua deitzen dio. Seguru amonaren garaikoa dela mantekatua.

—Tira, arrazoi duzu; seguru asko izozki zaharrenetako bat mantekatua da —esan dio saltzaileak—. Neska buruazkarra, alajaina!

Izaro garagardoaren aparra baino harroago dago hori adituta. Aitak ordaintzen duen bitartean kanpora joan da izozkia zupatuz. Hura dendatik irten denean, galdetu dio:

—Aizu, aita, nork asmatu zituen izozkiak?

—Hori ez dago jakiterik, baina dirudienez Venezian hasi ziren lehenengo aldiz izozkiak kalean saltzeko eran egiten. Orgatila txiki batzuk ere asmatu zituzten izozkiak hotzean eduki eta ez zitezen urtu.

—Orgatila batean?

—Bai. Ume kotxe handixka baten antzekoak ziren. Barruan, bi kaxa koxkor izozkiz beteta, eta bi kaxa handiagoak izotzez inguratuta. Lapikoek izan ohi dituzten estalkien antzeko bi estalki zituzten kaxek, eta bi motatako izozkiak bakarrik saltzen zituzten.

—Mantekatuak.

—Seguru asko bai. Mantekatuak eta esnegainezkoak... Zer duzu mantekatuaren aurka?

—Ezer ez, ezer ez. Fifiri esan beharko... Veneziara joatea... Ez legoke gaizki...

—Zer ari zara marmarrean?

—Ezer ez, ezer ez. Nire kontuak...


Beti izan da gizakiaren kezka jakiak nola gorde eta kontserbatu. Jakiak sobera zituztenean —ehiza asko egin zutelako, uzta bildu zutelako...— ezin zuten dena jan, eta komeni zen beste garai batzuetarako gordetzea. Jakiak kontserbatzeko era asko erabili dira. Gatzarekin gazitzen ziren bakailaoa, txerrikia, sardinzarra, antxoa... Kea erabiltzen zen beste zenbaitetan: gazta, izokina... Baita azukrea ere, frutak negurako gordetzeko dultzeak eta marmeladak egiten ziren. Fruitu eta jaki batzuk ozpinetan kontserbatzen ziren, eta eskabetxea deitzen zitzaion horri...

Izotza eta jakiak izoztea asmakizun berria da. Esan nahi da, jakina, izotza sortzeko trebetasuna dela berria, ez izotza bera. Izoztutako jakiek denbora luzez iraun dezakete, eta janariak gordetzeko eta kontserbatzeko era egokia da jakiak izoztea. Baina hainbat arau izan behar da kontuan:

  • Jaki freskoak eta kalitatezkoak bakarrik izoztu.
  • Izozten diren jakiak era egokian prestatu: berdurak ur irakinetan sartu, fruta egosi...
  • Janari prestatua hozten utzi izoztu aurretik, eta ahalik eta azkarrena izoztu gero, hozteko indar handiko izozkailu batean.
  • Jaki izoztuak ez eduki denbora luzeegi izozkailuan.
  • Behar den bezala desizoztu.

IZOZKAILUA

  • Porexpanezko kaxatxoa.
  • Altzairu herdoilgaitzeko ontzia (aukeran, zabala; altua baino egokiagoa).
  • Izotza.
  • Gatza.
  • Izozkiaren nahasketa.
  • Irabiagailua.
  • * Egingo dugun izozki kantitatearen araberako edukiontziak aukeratu.

Izozki krematsuak egiteko makina ugari daude gaur egun. Izozkiaren oinarria den nahasketa izoztuz doa pixkanaka, makinak nahasketa etengabe irabiatzen duen bitartean. Irabiatzen duenean, airea sartzen zaio nahasketari. Elikagaiak izoztean, harri koskorrak bezain gogor geratzen dira; izozkietan, ordea, nahasketa atsegin eta krematsua da emaitza.

Gaur egun, etxerako makina izozkailuak badaude, baina, haien beharrik izan gabe, etxean izozki goxoak egin ditzakegu. Prestatzeko erraza da; makina batek baina denbora gehiago beharko dugu izozkia bukatzeko, baina emaitzak ziur merezi duela.

1. Sartu izotzak poltsa batean, eta arrabolarekin jo, txikitu arte. Nahasi izotz txikitua gatzarekin porexpanezko kaxatxoan —nahasketaren hiru laurden izotza izatea, eta laurden bat gatza: horra proportzio egokia—.

2. Altzairu herdoilgaitza hondoratu erdian, isuri han izozkiaren nahasketa eta irabiatu. Estali, eta gorde izozkailuan.

3. Ordu laurdenero, atera etxean egindako izozkailua, eta irabiatu.

4. Nahasketa izoztuz doa pixkanaka, eta, irabiatzen dugun heinean, airea sartzen da, eta nahasketa krematsuagoa lortzen da.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top