Txokolate trufak

Manex eta Izaro oihanetik itsasora zetorren ibaiaren ertzera abiatu ziren.

—Copan hirira joatea gustatuko litzaidake, baina lehenengo Quiriguara joango gara —esan zion osabak Izarori.

—Zu beti zure izen arraroekin —esan zion Izarok.

Neskatoak bazuen asmoa gauza gehiago galdetzeko (nola ez!), baina osaba Manexen aurpegi harritua ikusirik isildu egin zen.

—Mila eta bostehun urte atzera egin dugu! Maiak beren une onenean bizi ziren garaira etorri gara! Oraingoan Fifik sekulakoa egin digu!

Orduan, Izarok osabari kontatu zion bera leizeetan bizi ziren gizakien garaietara joan zela, eta osaba aho zabalik geratu zen.

—Nik uste nuen loroaren magiak leku batetik bestera joateko balio zuela, baina denbora batetik beste ba tera joateko ere balio du!

Izarok jakin nahi izan zuen osabak nola igarri zuen beste garai batean zeudela.

—Ikusten dituzu hango zutarri haiek? Maiek egindakoak dira, noski, eta gaur egun, esan nahi dut 2013. urtean, higa-higa eginda daude. Eta nola daude horko horiek? Berriak! Eginberriak!

Izarok arraro samar sumatzen zuen osaba Manex: beldurtuta zirudien.

—Beldurtuta al zaude, osaba?

—Beldurtuta? Pixka bat bai. Eta kezkatuta... zeharo kezkatuta. Duela urte pare bat Apocalyto filma ikusi nuen, eta maiak film hartakoak bezain gaiztoak badira, gorriak ikusi behar ditugu lurralde honetan.

—Maiak ez gara gaiztoak, eta gure abegikortasuna erakusten diegu hona etortzen diren guztiei —esan zuen ahots gozo batek Manex eta Izaroren bizkarraldean.

Osaba-ilobak bat-batean itzuli ziren atzerantz. Osabak eskuak aurrerantz luzatuak zituen, borrokarako prest dagoen norbaiten antzera. Neska gazte eder bat zuten aurrean. Gona zuri bat zeraman soinean, ertz gorriduna, eta zapi handi baten antzeko blusa, koloretsua, bularrak eta bizkarra estaltzen zizkiona. Eskuetan zurezko ontzi bat zuen, arrautza handi baten erdia bezalakoa, hazi beltz-arre ilun batzuekin.

—Kakaoa! Nolako ongietorria! –esan zuen Manexek, eta irribarre zabala egin zion neskari. Begiak ere pozik zituen.

—Orain ez zaude beldurtuta, e? Pikaro halakoa! Gustatu egin zaizu neska, e? —esan zion Izarok ahopeka, eta ukondoarekin kolpetxo bat eman zion saihetsean.


Badirudi kakaoa Erdialdeko Amerikan etxekotu zela. Beharbada, Mexikoko olmekak izan ziren lehenengoak horretan, haiek hasi ziren beren baratzetan landatzen kakaoaren zuhaitza. Baina, gero, maiek ere beren nekazaritzan landu zuten. Kakaoak garrantzi handia izan zuen maien gizartean. Asko balio zuen, eta, gutxi alferrik galtzen den hazia denez, diruaren ordez erabiltzen zuten: kakao aleak txanpon gisa, kakao aleak gauzak erosteko.

Kakaoa leku askotara zabaldu zen Erdialdeko Amerikan, batez ere Mexikoko aztekak kakaorekin egindako edari bat edaten hasi zirenean. Edari horri xokolatl deitzen zioten. Ezaguna egiten zaizu izen hori? Kakao haziak mikatzak dira, berez, eta edaria gozatzeko hainbat gehigarri botatzen zaizkio: azukrea, banilla landarea... Gaur egun jaten dugun txokolatea lehengo hartatik oso desberdina da, baina osagai nagusiak ez dira asko aldatu.

Eta nork esan diezaioke ezetz txokolate ontza edo bonboi baten tentazioari?

ERREZETA • TXOKOLATE TRUFAK

  • 400 gramo txokolate beltz (gozoagoa nahi izanez gero, nahasi txokolate beltza eta txokolate esneduna).
  • 175 gramo esne gain*.
  • 70 gramo gurin.
  • Kakao hautsa.
  • *Kanela, iltzea, banilla eta askotariko espezieekin infusioa eginez, etxeko trufei ukitu berezia emateko aukera izango dugu.

Theobroma cacao da kakaoaren izen botanikoa. Theobroma hitzak «jainkoen elikagaia» esan nahi du grekoz. Kakaoaren hazia oso garrantzitsua zen Maien zibilizazioan. Haziak txigortu eta ehotzen zituzten, eta errituetan erabiliko zuten edari bat prestatzen zuten. Guk ezagutzen dugun txokolatearekin alderatuta, oso bestelakoa zen, mikatza zen. Edari mikatzak alde batera utzita, txokolatezko trufa gozoak prestatuko ditugu.

1. Txikitu txokolatea.

2. Jarri esne gaina berotzen, irakin arte. Itzali sua, eta gaineratu txokolate txikitua.

3. Irabiatu espatularekin; nahasketa gehiegi harrotu ez dadin, leunki nahasi behar da. Gaineratu gurina eta jarraitu irabiatzen. Isuri trufen nahasketa ontzi garbi batean, eta gorde hozkailuan.

4. Zabaldu kakao hautsa erretilu batean.

5. Hartu trufen nahasketa koilarakada bat, eta hartu esku artean, borobiltzeko. Erretiluko kakao hautsetik pasatu ostean, prest ditugu txokolate trufa gozoak.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top