Kuia krema
Izaro, Manex eta neska maia oihanerantz abiatu ziren. Izarok pentsatu zuen: «Jaguarra bezain indartsua, eta neska baten atzetik doa lerdea dariola. Mutil hauek...».
Halaxe zen. Osaba Manex, neskatxa maiarekin berriketan, haren atzetik zihoan oreinkume otzan baten moduan. Oihana zeharkatzen ari ziren, eta Izarok beldur pixka bat sentitzen zuen entzuten ziren oihu eta marruekin. Osabak, ordea, neska txolin harentzat bakarrik zituen begiak. Zeharo jeloskor zegoen.
Oihanean dezente barneratu ondoren, leku zoragarri batera iritsi ziren. Oihanaren erdian ezkutatutako baratzeak ziren, ezin dotoreago antolatutakoak, landare guztiak lerro zuzenetan.
—Zer polita! —esan zuen Izarok—. Zer dira landare horiek?
—Zut-zutik daudenak artoak, eta artoetan kiribilduta igotzen direnak babarrunak; ertzetako horiek, hosto berdeen artean baloien antzeko fruitu biribil gorriztak dituztenak, kuiak, eta...
Osabak erakustaldi bat eman zion ilobari, landare gehienak ezagutzen zituen!
—Oraingo umeek ez dituzte barazkiak ezagutzen —hasi zen harroxko Manex, ahaztuta bere garaitik kanpo zegoela eta baratze hura bera baino 500 urte zaharragoa
zela—. Uste dute barazkiak dendetako zorroetatik datozela, jaki lantegietan egiten dituztela, edo nik ez dakit zer...
—Zelako gauza arraroak esaten dituzun —neskatxa maiak, harrituta.
Izaro ez zegoen harrituta, Izarori amorruak jaten zizkion barrenak. «Ume ezjakina deitu dit», pentsatzen zuen, eta «andereño moñoña horren aurrean».
—Baratze hauek jauntxoenak dira —esan zuen andereñoak—. Gu etxetxo hartan bizi gara, oihanaren ertzean.
Etxetxoa baratzetatik kanpo zegoen, urruti samar, zuhaitz berezi batzuz inguratuta. Enborrean pilota handi berde batzuk hazten zitzaizkien zuhaitzei. Izaro amorratzen zegoen, zer ziren galdetzeko, baina ez zuen ezer esan.
—Horiek kakaoaren zuhaitzak dira, gure ondasun preziatuena. Kakao aleak erabiltzen ditugu txanpon gisa. Eta...
Horretan, neskato bat etorri zen, zalapartan, hirukotearengana.
—Itzel, Itzel! Aitak dio bizkor etortzeko bazkaltzera. Nahi baduzu mutil morrosko hori ere gonbida dezakezu.
«Mutiko morroskoa? Neska mukitsu hura ere osaba lapurtzera zetorren? Ez horixe!», pentsatu zuen Izarok, amorrazioz.
Maiek etxekotutako landare ugari ekarri ziren Amerikatik Europara: kuiak, esaterako. Maiek era askotan erabiltzen zituzten kuiak: handiak ontziak egiteko, azal gogorrekoak likidoak garraiatzeko, eta gehienak jateko gozoak ziren. Dena dela, maiek etxekotutako landareetatik garrantzitsuena, seguru asko, artoa da.
Europarrek Ameriketara joan aurretik bazen Euskal Herrian artoa deitzen zioten landare bat. Gaur egun ezagutzen dugun artoaren antzekoa zen, baina ez zuen artabururik sortzen, haziak (aleak) landarearen goiko gandorrean soilik hazten ziren. Ameriketatik artoa ekarri zutenean, konturatu ziren arto berri hura askoz emankorragoa eta jateko gozoagoa zela lehendik ezagutzen zuten arto zaharra baino. Hemengo landare zaharrari artatxikia deitu zioten, eta Ameriketatik ekarritakoari, artoa.
Badago euskaraz esaera zahar bat hori ongi adierazten duena: kanpotik etorriak bidaliko zaitu etxetik.
ERREZETA • KUIA KREMA
- Kilo erdi kuia (azal eta hazirik gabe).
- Tipula bat.
- Bi porru.
- Hiru baratxuri ale.
- Oliba olio birjina.
- Piper hautsa.
- Gatza.
Oso aberatsa zen, beraz, maien baratzea. Handik ekarri, eta hemengo lurrera zein klimara egokitu ziren barazkiak, eta, gaur egun, ohikotzat hartzen ditugu denak. Baina imajinatzen al duzue nolako aurpegiarekin dastatuko zituzten lehen aldiz barazki hauekin egindako prestaketak? Eskerrak, «ez zait gustatzen» esan ez zutenik! Udazkenean jaso eta neguan gordetako kuiarekin, negua agurtzeko aukera dugu gaur.
1. Garbitu barazkiak eta moztu.
2. Jarri kazola batean olio pixka bat berotzen, eta erregosi barazkiak. Lehendabizi, baratxuri eta tipula. Su epelean eta nahastuz, kolorerik hartu gabe beratuz joan dadin. Gehitu porrua , eta segi erregosten, bost minutuz. Azkenik, gaineratu kuia zatiak.
3. Bota ura, barazkiak estali arte. Urarekin busti ordez barazkiz egindako saldaz bustiz gero, zaporetsuagoa izango da gure zopa edo krema. Bota gatza eta piper hauts pitin bat, eta utzi su eztian egosten, 20 minutuz.
4. Txikitu nahasketa irabiagailuarekin, krema leun bat lortu arte.
5. Jateko askotariko aukerak ditugu: bere horretan; laranja azala birrinduarekin; gazta birrinduarekin; ogi zati txigortuekin...