Kuskusa, entsaladan

Barre egin zuen Izarok. Barregarria iruditu zitzaion datilak eta izozkiak saltzen aritzea basamortuaren ertzean. Izozki-saltzailea eta dendaria ere kriskitinak baino alaiago zeuden. Ia dena salduta turistei, txanpon ugari poltsikoetan, bazuten alai egoteko arrazoirik! Loroa zen serio samar zegoen bakarra.

—Groak! —egin zuen hondar artean ageri zen lumari begira.

—Ez zaitez kezkatu! —esan zion Izarok—. Berria haziko zaizu, eta lehengoa baino dotoreagoa, gainera!

Loroa arduratsu zebilen bitartean, Izarok ez zituen ulertzen dendariaren eta veneziarraren erretolikak; orain, loroa lasaitu ondoren, ondo baino hobeto ulertzen zituen bien kontuak.

—Ni Sinuhe egiptoarra naiz —esan zuen dendariak–. Nongoak zarete zuek?

—Ni Veneziakoa naiz —izozki-saltzaileak.

—Eta ni Euskal Herrikoa —Izarok.

—Groak! —loroak.

Sinuhek zeharo harrituta zirudien:

—Ez dakit non dauden leku horiek, ez Venezia, ez Euskal Herria eta ezta Groak ere. Lehen, sekulako ikara eman didazue goitik behera erortzen ikusi zaituztedanean. Nola  arraio iritsi zarete hona?

Sinuhek izozki-saltzaileari begiratu zion, veneziarrak neskatoari eta Izarok Fifiri.

—Groak! —esan zuen Fifik.

—Konta al diezaieket? —Izarok.

—Groak!

—Zaila da sinesten, baina berak ekarri gaitu —Izarok loroa hatzez seinalatuz.

Izozki-saltzaileak hazka egin zion kokoteko ileei, Sinuhek platera adinako begiekin begiratu neskari.

—Tira, goseak egongo zarete —esan zuen Sinuhek—. Hor behean, ibaiaren ertzean dut etxola. Jaten dugun bitartean kontatuko diguzu misterio hori.

Han joan ziren denak Sinuheren etxolara. Kuskusa txitxirio eta barazkiekin prestatu zuen. Erremolatxa gorriak ere ekarri zituen.

—Egiptoko erremolatxa gorria ospetsua da mundu guztian —esan zuen—, ia-ia piramideak adina —gal-gal barre eginez.

Izarok erremolatxak ikusi eta berehala ezagutu zituen. Bere amak beterrabak deitzen zien. Barazki gozoa da. Amatxok baratxuri pixka batekin prestatzen zituen.

Gozoena, ordea, postrea izan zen. Opil beltz bat bezalakoa, datilak, piku onduak, mahats-pasak eta pistatxoekin egina. Zer gozoa! Baina ez zuen gustura bukatzerik izan.  Amaitu aurretik zain zeuzkan entzuleak.

—Nola iritsi zarete hona? —galdetu zuen Sinuhek.


Erremolatxak eta zerbak erakusten digute gizakiak nola alda ditzakeen landareak. Gaur egun baratzetan landatzen ditugun erremolatxa eta zerba mota guztiak antzinako landare bakar batetik eratorriak dira. Landare hori oraindik ere aurki daiteke itsas ertzeko hainbat lekutan: hosto leunak eta berdeak dituen landare koxkor bat da.

Landarexar horretatik moldatutako zerbak edo azelgak forma, itxura eta kolore askotakoak dira. Badira hosto handikoak, badira txortenak (orri-mamia, penka) zuriak eta zabalak dituztenak, badira txorten mehe eta gorrikoak. Zenbat aukera!

Baina benetan harrigarriak erremolatxak dira. Zerbetan hostoak eta hostoen txortenak jaten diren badira ere, erremolatxak haien sustraiak jangarriak direlako erein eta landatzen dira. Badira animaliei janaria emateko lantzen diren erremolatxak, badira gizakiok jaten ditugunak, badira hainbat koloretakoak: horiak, laranjak, gorriak, gorri ilunak, ia moreak... Eta badira azukrea egiteko erabiltzen direnak ere. Norbaitek egin dezake gehiago landare bakar batekin?

ERREZETA • KUSKUSA, ENTSALADAN

  • Bi basokada bete kuskus.
  • Bi basokada bete ur.
  • Erremolatxa egosia.
  • Bi azenario birrindu.
  • Bi arrautza egosi.
  • Almendra txigortuak.
  • Mahaspasa.
  • Gazta fresko zati bat.
  • Xerez ozpina.
  • Lehen sakaldiko oliba olioa.
  • Intxaur muskatua.
  • Gatza.
  • Piper hautsa.

Garizko semola aleak dira kuskusa, hamaika plateraren oinarria. Edozein osagairekin jateko modukoa da: barazkiekin, haragiarekin, eltzekariekin... Entsaladan jateko ere primerako jakia da. Entsalada ederra presta daiteke barazki mordoxka batekin, fruitu lehorrekin, gazta freskoarekin eta beste hainbat osagairekin.

1. Sinhuek kuskusa egosteko modu konplexuagoa erabiliko lukeen arren, guk modu erraz eta azkarrean egingo dugu. Bota kuskusa ontzi batean. Berotu ura, eta, irakiten duenean, isuri kuskusaren gainean. Nahasi, eta estali ontzia.

2. Barazkiak atontzeko, nahasi ontzi batean erremolatxa zatitua, azenario birrindua, aurrez zatitutako arrautza egosiak, almendra txigortuak eta mahaspasak.

3. Busti lehen sakaldiko oliba olio eta xerez ozpin pitin batekin. Bota intxaur muskatu eta piper hauts pixka bat, ukitu berezia izan dezan. Gatzatu nahasketa. Ongi nahasi osagaiak, ongi blaitzeko. Amaitzeko, gaineratu gazta freskoa, zatituta.

4. Plater zabal batean, egin krater zabaleko sumendi bat kuskusarekin. Erdian, zerbitzatu entsalada. Prest dugu sustraiez hornituriko kuskus entsalada goxoa.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top