'Hummus'-a
Izaro kezkatuta zegoen. Orain bazekien Fifik ahalmen magikoak zituela eta ez zekien zer egin, norbaiti istorio arraro hura dena kontatu edo isilik egon.
—Norbaiti kontatzen badiot —pentsatzen zuen—, burua fantasiaz betea dudala pentsatuko du, edota erotzat hartuko nau; eta sekretua neuretzat bakarrik gordetzen badut, barruan karraska eginez arituko zait akuri goseti bat bezala.
—Ixi! —aditu zuen Izarok Fifiren ahotsa.
—Fifi?
—Bai! Ni naiz! Ez konta gure sekretua, horregatik!
—Baina... Norbaiti...
—Ezta amari ere!
Izaro lehen baino kezkatuagoa geratu zen loroaren debekuarekin. Orain sekretua astunagoa egin zitzaion. Egunean-egunean gehiago pisatzen zuen sekretu hark. Aguanta ezina zen!
—Amari bakarrik —esan zion Fifiri.
—Ez!
—Aitari bakarrik. Aita despistatu hutsa da eta ez da enteratu ere egingo. Mese eta porfa eskatzen dizut.
—Ez!
—Orduan osaba Manexi. Hura ere zure nagusia da, ni bezala, eta ezin duzu ezetz esan. Tira, mese-mesedez.
—Groak!
Izarok ez zekien zer esan nahi zuen groak! horrek, baina garbi zegoen ez zela ez!, eta zalaparta batean ordenagailura joan zen posta elektronikoz mezu bat bidaltzeko itsasoaren beste aldean zegoen osaba Manexi. Paper bat ikusi zuen mahai gainean. Paperean idatzita zeuden gizakiak lehenengo etxekotu zituen landareen izenak: zekalea, garagarra, dilistak, garia... Aurreko batean egin zuen zerrenda zela gogoratu zuen. Paperari buelta eman eta osabaren helbidea txukun-txukun idazten hasi zen, gero ordenagailuan akatsik ez egiteko. Iruditu zitzaion Fifi hegoak astintzen hasi zela eta burua alde batera eta bestera mugitzen.
—Tiens, tiens! —esan zuen loroak.
Izarok zorabioaren antzekoa sentitu zuen. Gelako gauzak desagertu egin zitzaizkion, eta begiak itxi egin behar izan zituen.
Ireki zituenean, beroa sentitu zuen, eta oihan berde-berde batean zegoen. Osaba Manex begira zeukan. Irribarre zabal bat zuela ezpainetan.
Landareak munduko bazter askotan etxekotu zituzten lehen garaietako gizakiek: Asian, Europan, Ameriketan, Ozeanian... Europatik nahikoa hurbil dauden Asiako lurraldeetan (Ekialde Hurbila) gizakiek landare ugari moldatu zituzten erein eta biltzeko moduan. Izaroren zerrendan zeuden horiek guztiak, eta gehiago! Landare horietako asko irina egiteko erabiltzen ziren, eta irin horiekin, orea. Orea sutan berotua gozoa eta ona zen, eta artzitutako orearekin egindako ogia, oraindik hobea!
Asiakoek etxekotutako beste hainbat landareren haziak uretan beratuta edo egosita jaten ziren. Horien artean daude dilistak —seguru asko Sirian etxekotuak— eta txitxirioak edo barbantzuak —Palestinan eta Turkian duela 6.000 urte ezagunak—. Bai dilistak eta bai txitxirioak leku askotan jaten dira oraindik ere, batez ere Asian, baina baita beste leku askotan ere. Munduko landare-ale ezagunenetakoak dira. Eta zein gozoak!
ERREZETA • 'HUMMUS'-A
- 400 gramo txitxirio egosi —salda pixka bat gorde—.
- 3 koilarakada tahini —sesamo purea, belar dendetan aurki daiteke—.
- Baratxuri ale bat.
- Limoi erdiaren zukua.
- 2 koilarakada oliba olio.
- Martorri hostoak —zapore bereziegia bada, perrexilarekin egin daiteke—.
- Espezieak: piperrautsa —mina, ausartenentzat—, kumino eta piperbeltza.
- Gatza.
Historian, egoskariek garrantzi nabaria izan dute herrialde eta kultura ezberdinetako elikaduran. Proteina iturri direnez, erabilpen zabala dute, batez ere, abere jatorriko elikagaiak kontsumitzen ez dituztenentzat. Txitxirioekin, adibidez, Ekialde Ertainean ohikoa den Hummus platera prestatzen da.
1. Bota txitxiroak, tahinia, baratxuria, limoi zukua, martorri edo perrexil hostoak eta olioa birringailuaren ontzian, eta txikitu, pure fin bat egin arte. Oso lodia badago, gaineratu txitxirioak egosteko erabili dugun salda pixka bat.
2. Espeziak erabiltzeko ohiturarik ez baduzue, gehitu espezieak pixkanaka. Bota neurrian, gehiegi bota eta zaporea higuingarria iruditu gabe.
3. Gaineratu gatza, eta kito.
4. Moztu hirukitan pita ogia, eta epeldu. Jarri hummusa mahai erdian, eta busti ogia. Ikusiko duzue zein zizka-mizka erraza prestatu dugun.