'Pain d'Epice'

Asteazkena zen Fifik «tiens, tiens!» esan eta Izaro eta biak Calaisko Guet dorrearen oinetara iritsi zirenean. Izaro pitin bat zorabiatuta zegoen, baina pozez gainezka jarri zen osaba Manex hantxe ikusi zuenean.

—Osaba Manex! Hau poza! Zenbat denbora zu ikusi gabe!

—Ez da hainbeste denbora ere, baina pozten nau zu berriz ikusteak; zatoz hona nire iloba kuttunena.

—Enbusteroa, nola ez naiz, bada, zure iloba kuttunenena izango, zure iloba bakarra naiz eta!

—Nire iloba kuttunena eta buru-azkarrena —esan zion osabak—. Zatoz, eta emadazu besarkada handi bat.

Izaro gustura joan zen osabarengana, eta besarkada handi bat eman zion. Osaba Manexek bizarra egin ondoren erabiltzen zuen lurrinaren usaina zeukan.

—Zer usain goxoa duzun, osaba —esan zion. Fifi hegan joan zen osabaren sorbaldara, eta mokoka egin zion belarriaren ertzean.

—Xeloti halakoa! —esan zion Manexek Fifiri—. Zu ere maite zaitut, alproja alaena!

—Eta atso sorgin hori? Non dago Miss Victoria? —galdetu zion Izarok osabari.

—Horixe da onena, txikitxo! —osabak—. Miss Victoria ez da Calaisera etorriko ostiral arratsaldera arte. Bi egun ditugu hirurok Calais herrian nahi duguna egin eta nahi dugun lekuetara joateko. Miss Victoriak izugarrizko beldurra dio itsasoaren azpitik ibiltzeari, eta ez du nirekin etorri nahi izan Ingalaterratik Calaisera Mantxako kanalaren azpitik itsaspeko trenean.

—Itsaspean ibili behar dudala pentsatzeak bakarrik gaixotu egiten nau —esan zuen Manexek, dama ingelesaren ahotsa imitatuz. Fifik esan zuen: «mizz Fiktory, mizz Fiktory». Izaro eta osaba ia lehertu ziren barrez.

Bi egunak ondo aprobetxatu behar zituztela, eta sekulako martxan hasi ziren osaba-ilobak Calaisko bazter guztiak arakatzen.

—Guet dorrea XIII. mendekoa da, ia zortziehun urte ditu —esan zion osabak ilobari—. Eta badakizu Calaisko hiri zaharra uharte bat dela? Inguru guztia ubide edota errekaz inguratuta dago. Eta...

Osaba Manex turismoko gida baten antzera hasten zenean, sekulakoa zen; ez zen isiltzen ezta ahoa estalita ere. Bi ordu barru Izarok zeharo nekatuta zituen oinak, eta buruan bueltaka osabak Calaisko hiriari buruz emandako datu haiek denak.

—Osaba, isilduko zinateke unetxo batean, mesedez, eta parke lasai batera joan? Nire oinek eta nire belarriek asko eskertuko lizukete.

Osaba Manexek pain d’épices erosi zuen denda batean, eta Parc Saint Pierrera joan ziren. Parkea dotorea zen, baina Izaro lelotuta geratu zen parkearen ertz bateko eraikina ikusi zuenean.

—Zer jauregi dotorea! —esan zuen—. Zer da eraikin hori, osaba?

—Hori Calaisko udaletxea da. Flandriako estiloan egindakoa; baina XX. mendekoa da, ez du balio historiko handirik... —hasi zitzaion argibideak ematen.

Izarok ez zion kasu handirik egin. Udaletxeari begira zegoen, harrituta. Oso polita iruditzen zitzaion, adreiluen kolore gorri-gorria, arbelezko teilatu beltza, alboko dorre handia, erloju dotore eta guzti, eta leiho haiek guztiak: handiak, txikiagoak... teilatuan ere leihoak zituen eta!

Etxearen aurrean, parkeko lorategiaren alboan, brontzezko irudi batzuk zeuden.

—Nor dira gizon horiek? —galdetu zuen Izarok.

—Gizon horiek Calaisko burgesak dira —esan zuen osaba Manexek—, Rodin ospetsuak eginak Calaisko burgesen gertakizuna gogoratzeko. Nahi baduzu, kontatuko dizut historia ogi goxo hau jaten dugun bitartean.

—Bueno... —esan zuen Izarok.


Calais hiria historia handiko hiria da. Izan ere, Frantziak, Flandriak eta Ingalaterrak izan zituzten hainbat gorabehera hiri horretan gertatu ziren, eta horietako bat (Calaisko burgesen historia) oso ezaguna da Europa guztian. Kontu hori, ordea, datorren hilabeterako utziko dugu.

34 kilometro besterik ez dago Calaisko herritik Ingalaterrara, baina, bien artean, Mantxako kanala dago: itsasoa. Itsaso hori gurutzatzeko, ontziak erabili izan dira hainbat mendetan, baina bada kanala igerian zeharkatu duen hainbat igerilari ere!

1994. urtean, Eurotunela ireki zuten Calaistik sei kilometrora dagoen Coquelles herritik abiatu eta Ingalaterrako Folkestoneraino. 35 minutu behar dira trenez zeharkatzeko, eta munduko tunelik luzeenetan bigarren da. Luzeena Japoniako Seikan tunela da.

ERREZETA • 'PAIN D’EPICE'

  • 175 g ezti.
  • 100 g ur.
  • 125 g esne.
  • 150 g zekale irin (aurkituko ez bagenu, osoko irin erabil daiteke).
  • 150 g irin.
  • 50 g azukre beltz.
  • 20 g legami hauts.
  • 2 arrautza.
  • 2 g kanela hauts.
  • 1 g intxaur muskatu.
  • 1 g iltze.
  • 1 g anis berde.

Pain d’epice aurreko abenturako errezetako osagaia izan zen arren, gosari oparoak zein bestelako otorduak osatzeko ere balioko digu errezeta honek. Espezia ezberdinak erabil daitezke, eta horien kantitatea norberaren gustura egokitu daiteke.

1. Eztia, ura eta azukre beltza epeldu behar dira, osagaiak errazago nahas daitezen. Nahasketa hozten utziko dugu.

2. Ontzi batean isuri nahasketa, eta espeziak ez diren gainontzeko osagaiak gaineratuko dizkiogu. Ongi irabiatu, nahasketa homogeneo bat lortu arte.

3. Espeziak motrailu edo zaparriarekin txikitu, hauts egin arte. Ondoren, aurreko nahasketari gaineratu, eta nahastu. Dena kolpean bota beharrean, hobe da pixkanaka gaineratuz eta dastatuz joatea, espezia gehiegirekin gera ez dadin.

4. Labeko moldean gurina igurtzi, eta irinaz geruza fin bat egin. Nahasketa bota, eta aurrez 170-190ºC-an berotu dugun labean jarri 20 minutuz. Egina dagoela ziurtatzeko, zotz bat sartu erdialderaino, eta, lehor ateratzen bada, prest dugu gure ogi berezia.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top