Ogi airisa
Izaro Fifirekin hitz egiten ari zen:
—Osaba Manex joan da berriz ere munduko bazterren batera, eta hemen utzi gaitu biok, ez da hala, Fifi?
—Groak! —erantzun zion loroak.
—Groak? Osaba joan denetik ez duzu groak besterik esaten! Lehen ederki hitz egiten zenuen, bada; baita frantsesez ere!
Izarok uste zuen loroa muzinduta zegoela osaba Manex joan zelako. Berari ere gertatzen zitzaion aita eta ama zinera edo beste nonbaitera joan eta bakarrik uzten zutenean.
—Muzinduta zaude, pitxirri?
—Groak!
Pipitak eta mahats-pasak eman zizkion Fifiri, eta loroa pipitak ireki eta barruko hazia jaten hasi zen.
—Tira! Etxe-aberea izateko ez didazu konpainia handirik egiten.
Izarori etxe-abereen kontuak hasi zitzaizkion buruan bueltaka: nola moldatu ote ziren antzinako gizakiak animaliak etxekotzeko, nola lortu zituzten landareak baratzeetan landatzea... Azkar baino lehen amaitu zuen Interneten, eta Interneten hasten zen bakoitzean bezala, luze joan zitzaion, leiho bakoitzak beste batera joateko bidea irekitzen baitzion.
Izarori gauzak jakitea eta bazterrak miatzea gustatzen zitzaion. Abenturetan ibiltzea bezala zen berarentzat.
—Ba al dakizu gizakiek lehenengo erein zituzten landareak irina egiteko aleak zirela? —esan zuen ahots ozenez.
—Bai! –esan zuen Fifik.
Izaro harrituta. Irribarre batekin beste galdera bat egin zion:
—Eta badakizu gizakiek lehenengo hezi zuten animalia otsoa izan zela?
—Bai horixe!
Izaro lehen baino harrituagoa. Iruditu zitzaion Fifik hegoak astinduz eta burua alde batera eta bestera mugituz, magoek magia egiten duten antzera ari zela.
—Tiens, tiens! —esan zuen Fifik, eta Izarok zorabioaren antzekoa sentitu zuen. Gelako gauzak desagertu egin zitzaizkion, eta begiak itxi egin behar izan zituen.
Ireki zituenean, hotza sentitu zuen, lautada baten erdian zegoen, larruz jantzia eta harrizko punta lotuta zuen makila bat eskuan zuela. Han urrutian, otso-talde bat zebilen aho ertzetako letagin zuriak erakutsiz.
Animaliak eta landareak etxekotzea gizakiak egindako aurrerapen handienetakoa izan zen, eta halaxe da oraindik ere. Historiaurrean, ehizatik eta fruituak eta aleak biltzetik bizi ziren gizakiak, baina orain dela 40.000 bat urte munduko zenbait lekutan animaliak hezten eta landareak ereiten hasi ziren. Badirudi hezi zuten lehenengo animalia otsoa edo txakala izan zela, eta animalia basati haietatik sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun txakur mota guztiak. Gizakiek gero hezi zituzten ardiak, ahuntzak, txerriak eta abar.
Landareen artean, irina egiteko erabiltzen zituzten aleak bildu, gorde eta ereiten ikasi zuten lehenengo: zekalea, garia, garagarra... Irina sekulako asmakuntza izan zen. Aleak bildu egiten ziren uzta garaian, eta ontzi handietan gorde urte osoan jateko. Gero, ale haiek harrizko errotetan xehatzen ziren irina egiteko.
Gaur egun ere mila jaki egiten dira irinarekin: ogia, makarroiak, espagetiak, pizza, pastelak, tartak... Nolako jaki goxoak, denak ere!
ERREZETA • OGI AIRISA
- 500 gramo irin.
- 300 ml ur epel.
- 2 koilarakada olio.
Gizakia aspaldi-aspaldian hasi zen, beraz, animaliak etxekotzen eta landareak ereiten. Irina ere laster asmatu zuten, baita harekin egin zitezkeen jaki gozoak ere. Garai hartan, baina, ez zuten legamia ezagutzen, eta, beraz, garai hartako ogiak ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin. Zenbait kulturatan legamiarik gabeko ogia egiteko ohitura dute oraindik.
1. Jarri ontzi batean irina, sumendi bat eginez. Kraterrean ura eta olia isuri, eta hasi nahasten. Ongi landu orea eskuekin, 15 minutuz.
2. Jarri orea erretilu batean, eta estali trapu batekin. Utzi leku epel batean, ordubetez, gutxienez.
3. Zabaldu orea arrabolaz, zentimetro erdiko opila egin arte.
4. Berotu labea 200ºCtan. Ondoren, egosi orea labean, 20 minutuz.