Piku ogia
Eskuetan postre amaitu gabea zuela, Izaro hasi zen kontatzen Fifik nola ekarri zituen.
—Loro madarikatu horrek burua sartu zuen izozkien ontzian, ikaratu zen, hitz magikoak esan zituen, nahi gabe, eta hementxe agertu ginen denok basamortuan: Fifi, ni, izozki-saltzailea eta izozkien orgatxoa.
—Txantxetan ari zara! —esan zion Sinuhek—. Mila eta bat gauetako kontakizuna dirudi. Ezin dut sinetsi!
—Sinets ezazu, gizona, horrelaxe izan da! —Izarok—. Eta, orain, emadazu baimena postrea amaitzeko, oso goxoa dago eta.
—Eskerrik asko; estimatzen dut zure gustukoa izatea. Jan ezazu bakean, nik kondaira bat kontatzen dizuedan bitartean.
Sinuhe ogiaren kondaira kontatzen hasi zen, berari gertatu izan balitzaio bezala:
«Ba al dakizue Egipton asmatu zela ogiaren mamia?
Aspaldiko garaietan, ogiak taloak bezalaegiten ziren: txapalak, meheak eta legamiarik gabeak. Gero, halako batean, Sinuhek asmatu zuen benetako ogia. Sinuhe festa, kantua eta dantza ikaragarri gustatzen zitzaion okin morroia zen. Nagusiak esaten zion... hum, esaten zidan:
—Egin orea!
Eta nik prestatzen nuen orea, eta taloak bezalako ogi txapalak egiten nituen, baina niri festa gustatzen zitzaidan eta ez ogiak egitea.
Nagusia ez zegoenean, edota lana amaitutakoan, festaz festa ibiltzen nintzen iji eta aja, loari orduak lapurtuz.
—Bart ere desorduetan ibili al haiz? —galdetzen zidan nagusiak.
—Ez, jauna —esaten nion gezurra, nahiz eta loak amorratzen egon.
—Bada, hire begi horiek esaten zidatek ez duala behar adina lo egin...
Ez ginen batere ondo konpontzen. Hura orratza baino txorrotxagoa zen, eta ni, berriz, kriskitinak baino alaiagoa. Panderoaren edo txilibituaren soinua entzun bezain azkar ahazten nituen eginbeharrak, eta fandangora abiatzen nintzen.
Egun batean, okindegian bakar-bakarrik nengoen. Ogiak egiteko orea prestatuta neukan, eta labea piztera nindoan. Talde zaratatsua pasatu zen okindegiaren aurretik.
—Ez al zatoz gurekin? —galdetu zidaten—. Sekulako festa egingo dugu!
—Ez. Ezin dut. Ogiak egin behar ditut. Nagusia kanpoan da, irina erosten.
—Zuretzat kalte! —esan zidaten.
Hura gehiegitxo izan zen niretzat: orea ore-mahaian utzi, okindegiko atea itxi eta taldearekin joan nintzen iji eta aja, irri eta barre, kanta eta dantza...
Nik berehala etortzeko asmoa nuen, baina orain gauza bat eta gero bestea, luzatu egin zitzaidan, eta atseden hartu nuenean, nekeak loa eragin zidan: hurrengo egunera arte ez nintzen okindegira itzuli. Okindegira sartu, ore-mahaiari begiratu eta orea gainezka ikusi nuen. Askatik irten eta ihesi joateko asmoa zuela zirudien...
—Hau desastrea! —esan nuen».
Ogiaren kondaira ez da hor bukatzen, jakina, baina datorren hilabetera arte zain egon beharko duzu nola amaitzen den jakiteko. Bitartean, jakin dezagun zer gertatu zitzaion Sinhue gizajoari.
Legamiak bizidun txiki-txikiak izaten dira, mikroskopioz bakarrik ikus daitezkeenak, eta gauza gozoak edo irintsuak maite dituzte. Ogiaren legamiek ogi-irina jaten dute, eta irin hori jandakoan gas ugari sortu: karbono dioxidoa. Gasak harrotu egiten du ogi-orea eta haren bolumena handitu egiten da, lehen ore trinkoa zena ore biguna eta harroa bihurtuz. Horixe gertatu zitzaion Sinuheren oreari, baina hark nola ez zekien zer gertatu zen, aho zabalik eta erdi izututa geratu zen.
ERREZETA • PIKU OGIA
- Kilo bat piku lehor.
- Kilo erdi almendra txigortu.
- Kilo erdi intxaur zuritu.
- Espezieak: kanela hauts apur bat, anis aleak eta iltze bat edo bi.
- Sesamo aleak.
Legamiarik gabeko ogiari ogi ailisa deitzen zaio, gogoratu animaliak eta landareak etxekotu ziren garaian hitz egin genuena. Sinuhek Izarori eskainitako postre gozoa piku ogia da. Lehortutako pikuez gozatzeko beste aukera bat da. Jarraian aipatzen den errezetan emandako kantitateak handiak diruditen arren, ez izutu, prestatutakoa armairuan gorde baitaiteke.
1. Moztu pikuei zurtoinak, zatitu puska txikiagotan. Birrindu piku lehorrak sukaldeko txikitzailearekin. Ondoren, bota ontzi batean.
2. Birrindu intxaurrak eta almendrak ere. Gaineratu piku lehorren orean.
3. Gozatu nahasketa espeziekin. Landu nahasketa eskuekin, osagai guztiak ondo nahasi arte. Batzuk anisa (edaria) edota eztia ere gaineratzen diote.
4. Lortutako orea zatitu zortzi zatitan. Zati bakoitzarekin egin opiltxoak, orea ongi zapalduz. Bildu opilak sukaldeko plastikoarekin. Komeni da paperean bildutako opiltxoak prentsatuta egun erdiz edukitzea, jakiak gordetzeko armairuan gorde aurretik.