Arrain txitxi-burruntzia

Garagardo-zopa gehiegi hartu ondoren, Fifi lo geratu zen mahaiaren gainean, eta hantxe utzi zuen Izarok ume egiptoarrarekin inguruko soroak eta Nilo ibaiaren ertzak bisitatzera joan zenean. Berriro ere, harriduraz beteta ikusi zituen Izarok sail eder haiek. Denak ordeka-ordeka ziren, zabalak eta nekazaritzarako prestatuak.

Sail bat eta beste baten artean erretenak zeuden eginda, ura behar zen lekuraino eramateko; eta erreten eta ubideetan hegaztiak eta arrainak bizi ziren. Ugari. Ahateak eta uroiloak, karpak eta aingirak, ehunka hegazti eta milaka arrain. Umeak erakutsi zion Izarori nola arrantzatzen ziren aingirak ihiz egindako nasa batekin, eta bi aingira handi harrapatu zituzten!

—Nire aitak ahateak harrapatzen ditu sareetan —esan zuen Neferneferrek.

Izaro txundituta geratu zen hegazti dotore haiek sareekin harrapa zitezkeela jakinda, eta noizbait ikusi nahi zuela esan zion.

—Nik eramango zaitut ikustera, baina aingira hauek baino mutuago egon behar duzu, bestela sekulako errieta egingo digute.

Izarok esan zion:

—Arrainak baino mutuago egongo naiz, baratzeetako tipulak baino isilago, eta ez dut erreten ertzetako kanaberak adina soinu aterako.

Nefernefer eta Izaro bidexka batetik joan ziren ubide luze baten ertzeraino, eta kanabera artean ezkutatuta geratu ziren. Kanaberen beste aldean sareak zeuden zutik eta zabalik, armiarma-sare handi baten moduan. Neferneferrek esan zion belarrira Izarori:

—Han ezkutatu dira sare-hedatzaileak.

Izarok ikusi zuen non zeuden ezkutatuta sarea erabiliko zutenak. Halako batean, ubidearen beste aldetik, gizon bat eta neska-mutil aldra bat abiatu ziren, batzuk uretatik, eta besteak ur-ertzetik ubidean gora, sareak zeuden lekurantz. Hegaztiak ez ziren, hasieran, askorik izutu, baina azkenerako urduritu ziren, eta mugitzen hasi, hegoak astinduz.

—Heda! —egin zuen oihu denen agintaria zirudien gizonak.

Orduan izan zen sekulako zalaparta! Hegaztiak hasi ziren hegan; ezkutuan zeudenek, sekulako korrikaldia eginez ur-ertzetik, sarea zabaldu zuten haien gainetik. Hegazti batzuek lortu zuten ihes egitea, baina asko trabatuta geratu ziren sarean, ihes egin ezinik. Inork ez zuen lehengo isiltasuna gordetzen. Neska-mutiko batzuek, sare azpira sartu, eta hegaztiak harrapatzen ziharduten, beste zenbait sare gainetik ari ziren beste batzuei ihesa eragozten. Nefernefer eta Izaro ere oihuka ari ziren:

—Hor! Han! —esaten zuten, beren onetik aterata, sarepean zeuden hango edo hemengo hegaztiak seinalatuz.


Egiptoko irudi ederrenetako batzuek hegaztiak eta hegaztien ehiza erakusten dute. Antzarak, ahateak, uroiloak eta beste hainbat hegaztiren irudiak agertzen dira irudietan. Ehiza Egiptoko handikien kirol edo denbora-pasa izan zen, dirudienez, baina baita aberats eta txiroentzat janari-iturri ere. Bestalde, badakigu arrantza ere halaxe izan zela, eta arrain ugari jaten zutela egiptoarrek. Dena dela, ehiza eta arrantza egiterakoan, ipuin honetan ageri den baino arreta handiagoarekin ibili behar izaten zen Egiptoko uretan. Arriskutsuak ziren Egiptoko ubide eta putzuak, sakonak batik bat! Krokodiloa eta hipopotamoa animalia beldurgarriak ziren Egiptoko uretan, eta umeek debekaturik zeukaten ubide handietara gehiegi hurbiltzea.

ERREZETA • ARRAIN TXITXI-BURRUNTZIA

Kebab famatuak Ekialde Ertainetik datozen txitxi-burruntziak dira. Ohikoenak arkume haragiz prestatutakoak diren arren, bestelako osagaiekin ere presta daitezke: ahate zein oilasko haragiarekin, esaterako, eta Niloko uretatik arrantzatutako arrainekin ere bai. Gure arrantzaleak berdela ekartzekotan direnez, berdelarekin prestatuko ditugu gaurko txitxi-burruntziak.

DUKKAH

Egipton askotariko prestaketak gozatzeko erabiltzen den nahasketa da. Gure platerean, irinaren ordez erabiliko den osagaia izango da.

  • 100 gramo sesamo hazi.
  • 50 gramo martorri hazi.
  • 50 gramo kumino hazi.
  • 50 gramo pistatxo.
  • 100 gramo almendra.
  • Gatza.

1. Berotu labea 150 graduan. Jarri erretiluan pistatxo eta almendrak, eta gorrritu, 10 minutuz. Atera labetik, eta utzi hozten.

2. Txikitu osagai guztiak motrailu edo birringailuarekin, irin antzeko hauts fina egin arte.

KEBAB

  • Sei berdel (azal eta hezurrik gabe).
  • Bi tipulin txikitu.
  • Lau baratxuri ale txikitu.
  • Arrautza.
  • Gatza.
  • Olioa.

1. Nahasi birringailuarekin berdela, tipulina eta baratxuriak, eta bota ontzi batean. Arrautza eta gatz apur bat gaineratu eta nahasi. Igurtzi eskuak olioarekin, eta bolatxoak egingo ditugu orearekin.

2. Pasa bolatxoak prestatutako hautsetik (dukkah), eta ziztatu edo sartu burruntzietan hiru edo launa bola.

3. Txingarretan erreta goxoak daude, baina, etxean labean egitea errazagoa izango denez, busti olioz labeko erretilua. Labean kozinatuko ditugu prestatutako arrain kebabak.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top