'Kushari'

Sinuhek ogiaren ipuina amaitutakoan, Izaro begira geratu zitzaion.

—Ez da zuk asmatutako istorioren bat izango hori? —galdetu zion.

—Ezta pentsatu ere! Hori piramideak baino zaharragoko kondaira bat da —egin zuen protesta Sinuhek.

Piramide hitza entzun bezain azkar, Izarok:

—Aizu, Sinuhe, zergatik ez dizkiguzu piramideak erakusten?

—Piramideak? Zer piramide? Hemen piramide asko ditugu.

—Piramideak —esan zion neskatoak, haserre samar—, zein piramide izango dira, bada, postaletako hiru piramide ospetsuak!

—A! Piramide horiek? Lehoi baten gorputza eta pertsona baten burua duen esfingetik hurbil daudenak?

—Bai, horiexek! —gero eta haserreago Izaro.

—Horiek Giza ordekako piramideak dira —Sinuhek—, eta Kairotik hurbil daude, hemendik oso urruti, ia ehun kilometrora. Hara joateko...

Berriketarekin aspertuta, Izarok:

—Heldu niri eta istant batean joango gara.

Eskutxoak luzatu Sinuheri, eta izozki-saltzaileari eta Fifiri aginduzko keinua egin zien Izarok, esanez bezala: «Eraman gaitzazu piramideetara». Loroak esan zuen:

—Tiens, tiens!

Izarok ordurako hain ongi ezagutzen zuen zorabioaren antzekoa sumatu zuen, eta uste baino lehen han agertu zen piramideen aurrean. Alde batean, Sinuhe zuen, eta, bestean, Veneziako izozki-saltzailea. Beranduxeago etorri zen Fifi izozkiak saltzeko orgatxoari helduta. Ia gainera erori zitzaizkien hegaztia eta orgatxoa.

—Groak —egin zuen loroak.

Egiptoarra papera baino zuriago zegoen.

—Zer arranopola da hau? —esan zuen—. Nola egin duzu magia hori?

—Esan nizun loro honek magia egiten zuela, eta zuk ez zenuen sinetsi —esan zion Izarok, irribarrez, Sinuheren harridura ikusita.

Lilura pasatu zitzaionean, piramide erraldoi haiek erakusten eta berriketan hasi zen egiptoarra. Kontatu zien milaka langilek garraiatu zituztela harritzar haiek eta milaka besoren indarrak han gora igo, kokatu, leundu eta txukun ipini. Sekulako lana!

—Dilista egosiak, ogia eta tipulak ziren haien jakiak —esan zien Sinuhek—. Pentsa zenbat dilista eta zenbat tipula behar izan ziren langileei jana emateko!

Izarok irudikatu zuen janari hura guztia, eta hiru piramide ikusi zituen begi aurrean. Bat ogiz egina zegoen; bestea, tipulaz, eta hirugarrena, dilista egosiz.

—Basamortuko eguzkiak zorabiatu egin nau …esan zuen, eta begiak estali zituen janarizko piramide haiek ez ikusteko.


Gizakiak etxekotutako landare zaharrenen artean dago dilista. Diotenez, duela milaka urte hasi ziren dilistak ekoizten Mediterraneo itsasoaren ertzeko lurraldeetan, Siria, Palestina eta Egipton, batik bat.

Dirudienez, handikien mahaietan ez ezik, langile jendearen pertzetan ere izan ohi ziren dilistak faraoien garaiko Egipto hartan, jende gehienari gustatzen baitzitzaion.

Badago kontakizun bitxi bat piramideak eta dilistak lotzen dituena. Piramideak apaintzeko erabili ziren kanpoko harriak kareharri berezi batekoak dira —kareharri nummulitikoa deitzen zaio—, eta harri horietan harrizko dilisten antzekoak agertzen dira. Garai batean, egiptoarrek uste zuten prestatutako dilistak zirela, harri bihurtuta! Gaur egun, badakigu «dilistatxo» horiek fosilak direla, nummulite izeneko animalia txiki batzuen fosilak.

ERREZETA • 'KUSHARI'

  • Oinarria egiteko:
  • Dilista katilukada bat.
  • Arroz katilukada bat.
  • Makarroi katilukada bat.
  • Gatza.


  • Saltsa egiteko:
  • 200 gramo tomate saltsa.
  • Bi baratxuri ale.
  • Bi lima —limoiak ere erabil ditzakegu—.
  • Kumino ale batzuk.
  • Tipula bat.
  • Olioa.

Egiptoarrek gustuko duten prestaketa: dilistak, arroza eta pasta. Ziur Izarok aurpegi arraroarekin begiratu ziola plater horri, guk etxean bereizita jaten baititugu osagai horiek. Baina, gauza berri eta bestelakoak muzin egin gabe dastatuz gero, sorpresa!

1. Oinarria osatuko duten hiru osagaiak bakoitza bere aldetik egosiko ditugu, uretan, gatzarekin. Egosi bakoitza dagokion egosketa denboraren arabera. Egosita daudenean, iragazi eta hoztu.

2. Saltsa egiteko: jarri olioa berotzen zartagin batean. Erregosi aurrez xaflatan moztutako tipula, gorritu arte. Egin tipula su ertainean. Tentuz egin behar dugu tipula, erre ez dadin. Egina dagoenean, atera tipula gorritua paper xurgatzailera.

3. Txikitu baratxuri aleak eta kumino aleak motrailuan. Gaineratu lima zukua, tomate saltsa eta gatz apur bat. Saltsa amaituko dugu horrela. Baratxuriaren zaporea leundu nahi izanez gero, aurretik erregostea komeni zaigu.

4. Jarri plater zabal batean pasta, eta gainetik arroza eta dilista egosiak. Zabaldu saltsa gainetik. Jarri tontorrean tipula gorritua. Herrialde askotako prestaketetan, dilistak eta arroza nahasteko ohitura dute. Nahasketa atsegina izateaz gain, osasuntsua ere bada, dilistek duten burdina beretzen laguntzen baitu arrozak.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top