Barbakoa saltsa

Otsoekin izandako borrokaren ondoren, Izaro eta Harkaitz begira geratu ziren, otsokumeak besoetan zituztela. Ehiztari batzuk zauritutako gizonari laguntzen aritu ziren. Beste batzuk, oreina larrutu eta zatikatzen. Akabatutako otso biak ere larrutu egin zituzten.

—Otsoaren larrua goxoa eta beroa da neguan —esan zion Harkaitzek Izarori.

—Harkaitz, Izaro, aire biok etxera otsakume horiekin. Zer nahi duzue ihesi joan direnak itzultzea, ala?

Izarori izua sartu zitzaion hezurretaraino. Emakumeak agintzen zuen norabidean abiatu zen. Harkaitzek atzetik jarraitu zion, marmarrean.

—Ume bat naizela uste du, eta ni ehiztari txiki bat naiz.

«Etxea» harpe batean antolatutako babesa zen. Han txabola antzekoak zeuden haitzaren aterpean, eta baita itxitura bat ere. Hantxe jarri zituzten otsokumeak.

Izarori amets batean bezala pasatu zitzaizkion egunak otso txiki haiek zaintzen: hezurrak eta ehizatutako animalien hondakinak eman, kumeekin jolas egin...

Garbi erakutsi zien, ordea, nor zen taldeko buruzagia: Izaro txikia.

Horrelaxe hezi zituen otsokumeak, eta hazi zirenean txakur bilakatu ziren. Izarori oso normala iruditzen zitzaion hori guztia. Historiaurrean bizi zen, baina horrek ez zion inolako kezkarik sortzen. Gauza asko ikusi eta ikasi zituen. Jakin zuen Haize, emakume indartsua, Harkaitzen ama zela.

Zauritutako ehiztariak sekulako pattalaldia izan zuen, sukarra gainditu ezinik pasatu zituen hainbat egun, baina halako batean onera egin zuen eta sendatu egin zen. Orbain handi bat geratu zitzaion sorbaldan, baina bera harro sentitzen zen eta lotsarik gabe erakusten zien taldeko umeei. Ondoren, otsoarekin egindako borroka kontatzen zien, eta aldi bakoitzean handiagoa bihurtzen zen otsoa eta gogorragoa borroka.

Egun batez, ehiztarien bizitzara zeharo moldatutako Izarok zorabio bezalako bat izan zuen, eta ustekabean Fifiren aurrean agertu zen berriz ere. Paretako erlojuan ez zen bost minutu besterik pasatu.

—Tiens —esan zuen Fifik.


Ez dakigu oso ondo nola etxekotu zituzten txakurrak, baina Izaroren ipuinean agertzen den moduan edo antzekoan izan zitekeen. Batzuen ustez, gizakien inguruan bizi ziren txakalen edo otsoren batzuk haiek utzitako hezurrak eta hondakinak jatera hurbilduko ziren. Gero, gizakiek otzanenak edota haien kumeak hartuko zituzten hazteko eta hezteko: horrelaxe, pixkanaka-pixkanaka, animalia basatiak txakur bilakatuko ziren. Animalia hezi horiek ehizarako, etxeak zaintzeko eta beste hainbat lanetarako erabiliko zituzten leize eta harpeetako gizaki haiek.

Gure artean, konpainiako animaliak, txakurrak, esaterako, ez dira jaten. Baina zenbait lekutan, Txinan, adibidez, badira chow-chow arrazako txakur batzuk jateko hazten direnak. Bada, baita ere, hot dog izeneko jaki bat, baina ez du zer ikusirik txakurrekin. Ogitartean sartutako hestebetea izan ohi da, txerri-haragiz egina eta sarritan ziape, ketchup, tipula edo maionesarekin jan ohi dena.

Hot dog-ak gozagarri ezberdinekin jan ohi dira. Ketchup saltsa eta ziape saltsa ohikoenak diren arren, horiek beste osagaiekin nahastuta, prestaketa ezberdin eta goxoak dasta ditzakegu. Relish, ketchup saltsa, maionesa, eta abar. Hona hemen saltsa horiek egiteko errezeta pare bat.

ERREZETA • KETCHUP SALTSA

  • 900 gramo tomate saltsa.
  • Tipula ertain 1 txikitu.
  • 4 baratxuri ale txikitu.
  • 2 koilara olio.
  • 1/2 koilaratxo pipermin hautsa.
  • 1/2 koilaratxo piperrauts gozoa.
  • 1/4 koilaratxo kanela.
  • 85 gramo azukre beltz.
  • 100 gramo sagar ozpina.

1. Berotu olioa, eta erregosi oliotan tipula eta baratxuria.

2. Gaineratu espezia guztiak. Kontu handiz nahastu, olioa ongi gozatuz.

3. Gaineratu tomate saltsa, azukre beltza eta sagar ozpina, eta prestatu ordubetez su eztian.

4. Nahasketa txikitu, eta hoztu.

ERREZETA • BARBAKOA SALTSA

  • 470 gramo ketchup saltsa.
  • 230 gramo ur.
  • 100 gramo sagar ozpin.
  • 50 gramo azukre beltza.
  • 1/2 koilaratxo piperrauts beltz.
  • 1 koilara Dijon ziape.
  • 1 koilara limoi zuku.
  • 1 koilara Perrins saltsa.
  • Tipula bat txikitu.
  • Baratxuri ale bat txikitu.
  • 2 koilara olio.

1. Berotu olioa, eta erregosi oliotan tipula eta baratxuria.

2. Gainontzeko osagaiak gaineratuta, berotu, irakin arte.

3. Jaitsi su eztira, eta eduki ordubetez; noizean behin, nahastu.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top