Tortilla zopa

Neska etorri berria Izaroren adinekoa zen, gutxi gorabehera, eta inork ezer esan aurretik bere egin zuen osaba Manexen ezkerreko eskua. «Bere osaba izango balu bezala!», pentsatu zuen Izarok. «Osaba-lapur halakoa! Mukitsu lotsagabea! Ni naiz osaba Manexen iloba kuttuna!».

Itzel neska maia ederraren antz-antzekoa zen etorri berria: azal beltxarana, begi ilun ederrak, ile beltza, gona zuri-gorria...

—Itzayana, oraintxe joango gara denok —esan zuen ahizpa zaharrenak, eta Manexen eskuineko eskuari heldu zion, berea balitz bezala.

«Ez naiz batere ondo konponduko bi ahizpa hauekin», pentsatu zuen Izarok.

Etxe txiki hartako atean gizon bat zegoen, irribarretsu. Buztinez zikindutako mantala zeukan soinean, eta etxe barrura gonbidatu zituen denak. Izaro kopetilun ikusi zuenean esan zion:

—Asko pozten naiz zu bezalako enara pinpirina nire etxearen aurrean ikusita, baina zure kopeta ilun samarra ikusten dut, kezkak? Egin iezadazu irribarre baten mesede, eta opari bat egingo dizut.

Irribarre egin zuen Izarok halako gauza politak adituta, eta etxeko nagusiak etxe-alboko txabolara eraman zuen. Buztingintzako lantegia zen, ontziak eta irudiak egitekoa. Iruditxo bat opari egin zion, jaguar bat.

—Zortea eta indarra ekarriko dizu.

Gero, eskuak garbitu, eta arto-irinarekin talo txikiak egin zituzten eskuen gainean, eta labean erre zituzten, aurrena alde bat eta gero bestea: ikaragarrizko pila!

Etxera sartu, sutatik babarrun-pertzakada jangelaren erdian ipini, eta denak inguruan eseri ziren. Itzayana osaba Manexen ondoan ikusi zuenean, berriz ere jeloskor sentitu zen Izaro.

Arto-irinez egindako talo txikiak erabiltzen zituzten, eta oso bitxia zen lehenengo babarrunak jan eta gero haiek jaten erabilitako koilara ere jatea!

Itzayanak eskua luzatu zuen pertzaren ondoan zegoen erretilura. Handik jan zuten helduek, baina ez berak eta ez Izarok ez zuten ordura arte handik probatu.

—Itzayana... —egin zion abisu aitak.

Ale bat hartu, eta ahora eraman zuen. Izarok ere gauza bera egin zuen. Ahoan sartu eta hozka egin zuenean konturatu zen pipermin txiki min-mina zela. Aji deitzen diren horietakoa. Malkoak atera zitzaizkion. Begiratu zion Itzayanari eta hura ere negar-malkotan zegoen. Elkarri begiratu, eta barrez hasi ziren biak, eta elkar besarkatu ziren.

Aji batek eta aja askok adiskidetu zituzten!


Duela 500 bat urte Ameriketako landareak Euskal Herrira iritsi zirenean, benetako aldaketa izan zen hemengo nekazaritzan; batez ere, Ameriketako artasoroen antzekoak ereiten hasi zirenean hemen.

Artoa eta babarruna batera ereiten ziren udaberrian. Hala dio esaera zaharrak: «Done Jurgi [apirilaren 23a], ereiteko goizegi, done Markos [apirilaren 25a], ereinda balegoz». Gainera, soro berean erremolatxa edo arbia egin zitekeen udazkenean. Hiru uzta batera!

Artoa, babarruna, gaztainak eta etxean hazitako txerria izan ohi ziren baserri gehienetan urte osoan zer jan edukitzeko ondasunik onena.

ERREZETA • TORTILLA ZOPA


Saldarentzat

  • Litro bat oilasko salda.
  • Tipula, txikituta.
  • Baratxuri alea, txikituta.
  • Hiru tomate eder eta onduak.
  • Chile Chipotle koilarakada txiki bat (supermerkatuan lor daiteke, baina, erne, mina da. Piperrauts gozoa edota ketua erabil dezakegu).
  • Oliba olioa.
  • Gatza.

Tortillentzat

Eginak erosteko aukera ere badugu, talo fin moduko tortilla handiak behar ditugu, baina etxean egitera animatuz gero:

  • Arto irina.
  • Ur epela.
  • Olioa.
  • Ahuakatea.
  • Gazta birrindua.

Salda

1. Berotu olio apur bat eltze batean. Erregosi baratxuria eta tipula, 5 minutuz.

2. Zuritu tomateak, kendu haziak. Txikitu mania, eta gaineratu aurreko barazkiei. Gehitu chile chipotle edo piperrauts gozoa. Erregosi beste 5-10 minutuz.

3. Gaineratu oilasko salda, eta utzi egosten su eztian.

4. Salda fina gera dadin, xehatu irabiagailuarekin.

Tortillak

1. Nahasi arto irina ur epelarekin, orea egiteko. Taloen antzekoak dira, baina finago zabalduta. Errazago egiteko, zabaldu landare-paper edo laberako paper artean, arrabolarekin landuz.

2. Egin tortillak zartagin beroan. Aurreko egunean egitea komeni da, tortillak lehor daitezen.

3. Moztu tiratan tortillak (etxean egindakoak edo erositakoak), eta frijitu olio berotan. Zerbitzatu salda, tortilla tirak gaineratuta. Jarri mahai erdian ahuakate txikitu eta gazta birrindua, norberak gustuko dituen osagaiekin hornitzeko tortilla zopa bizia.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top