Karbonada flandiarra
Izarok ia entzun ere ez zituen egin Fifik esandako «tiens, tiens» haiek, baina sentitu zuen zorabio antzeko hura, eta uste baino lehen han zegoen etxean, bere gelan.
—Zer goxo egoten den etxean! –esan zuen.
Fifik eragindako bidaiek sortzen zioten erdi-zorabiotik oraindik zeharo bizkortu baino lehen, Izarori ama etorri zitzaion gelara.
—Zerbait gertatu da? –galdetu zuen–. Zarata entzun dut eta...
—Ezer ez, amatxo! Loro zalapartari hori izango zen.
Fifik begi gaiztoekin begiratu zion neskatoari, «orain niri bota behar didazu errua?» esan nahi duenaren aurpegiarekin. Izarok ez zion kasurik egin.
—Ai, amatxo, zenbat maite zaitudan! —esan zuen–. Ez dakizu zein aspergarriak diren «dama» ingelesak, eta nolako beroa egiten duen Egipton, eta zer usain txarra duten Veneziako urezko kaleek.
—Baina, neska, zer esaten ari zara? Sukarrak jota zaude? –eta kopetan jarri zion eskua.
—Ez, ama, nire kontuak dira. Ez zaitez kezkatu. Ez dut sukarrik, ez nago erotuta eta txorakeria batzuk esaten baditut etxean oso goxo nagoelako da. Ai, amatxo, zenbat maite zaitudan! —eta musu handi bat eman zion.
Ama, harrituta, Izaroren gelatik irten zen, bere buruari esanez: «griperen bat badatorkio gure txikiari, oso arraro sumatzen dut».
Baina ez griperik, ezta katarro txikienik ere, Izarok piper gorriak baino osasuntsuago jarraitu zuen, eta behin ere baino gustu handiagoz jardun zuen bere ikasketa eta bere lanetan.
—Bukatu ziren abenturak –errepikatzen zion bere buruari–. Aspertu naiz betiko. Bertan bizi naiz goxo.
Hala ere, sakon-sakonean, bazebilkion har txiki bat bezala abenturarako grina, eta gauero-gauero posta elektronikoan begiratzen zuen ea osaba Manexek zerbait idazten zion.
Halako batean, mezu labur bat jaso zuen:
Kaixo, Izaro.
Datorren asteazkenean, arratsaldeko zazpietan. La tour du Guet. Place d’Armes. Calais.
Etorri Fifi eta biok.
Presaka nabil.
Musuak.
Osaba Manex.
—«Bertan goxo, bertan goxo» esaten nuen nik –adierazi zion Izarok Fifiri–, baina pentsa ezazu zer ondo ibiliko ginatekeen gu biok osaba Manexekin Calais horretan. Ez al dizu inbidiarik ematen?
Itxura denez, Fifi ere aspertu samar zegoen denbora luzez kaiola barruan egoteaz, Izaroren gurasoek ez baitzuten nahi loroa etxean aske ibiltzea. Horregatik, Izaroren eskaria entzun bezain azkar zalapartaka hasi zen kaiola barruan.
—Zerbait gertatu da? –galdetu zuen Izaroren amak, gelan sartuta–. Zarata entzun dut eta...
—Ezer ez, amatxo! Loro zalapartari hau!
Fifik begi gaiztoekin begiratu zion Izarori, baina ez zen haserretu, eta asteazkena ailegatu zenean, «tiens, tiens!» esan zuen, eta Izaro eta biak Calaiseko Armes plazara iritsi ziren, Guet dorrearen oinetara.
Frantziako iparraldeko hiri bat da Calais —Mantxako kanalaren ertzean—. Kanalaren beste aldean Ingalaterra dago, eta Calaisek harreman handia izan du ingelesekin, onerako eta txarrerako; baina, izatez, lotura askoz handiagoa du Flandriarekin. Izan ere, Frantziako erresumako herria izan aurretik, Flandriako konderrikoa izan zen aspaldi. Lotura hori nabarmena omen da oraindik ere hitz egiteko eran, hango pertsonen izaeran eta, batez ere, jan-ohituretan.
Flandriarrek badute jaki berezi bat: stoofvlees edo karbonada deitzen diote, eta okelarekin eta garagardoarekin egiten da. Erabiltzen duten garagardoa mikatza izaten omen da, eta, zenbaitetan, zerbait gozoa ere gehitzen zaio: pain d’épices (eztiarekin egindako ogia) edo cassonade (azukre gorria).
Esan dugu jateko ohituretan calaistarrek lotura dutela flandriarrekin; bada, Flandrian bezalatsu, Calaisen ere ospetsua da bertako karbonada.
ERREZETA • KARBONADA FLANDIARRA
- 800 g gisatzeko haragia (samurrena txekorrarena izan ohi da; behiarena, berriz, zaporetsuagoa), mokaduko pusketan zatituta.
- Lau xerra lodi hirugihar ketu.
- Hiru tipula eder, txikituta.
- Botila bat garagardo gorri (Leffe izan daiteke).
- Lau xerra pain d’epice.
- Dijongo mostaza.
- Bi erramu hosto.
- Azukre beltza.
- Gatza.
- Piper hautsa.
- Olioa.
Usadiozko gastronomiako zenbait plater prestatzen diren lekuetako istorio eta paisaiaren lekuko ere badira. Calais mugako eskualdean dago, itsasoari begira, gainera. Batetik eta bestetik gertuen daudenen eragina igarri da bertako gastronomian. Stoolfvless edo karbonada flandriarra dastatzea aholkatzen dute hara bidaiatzen dutenek. Haraino joan ezin denez, gaurkoan kozinatuz eta dastatuz bidaiatuko dugu.
Oharra: hurrengo abenturan ikasiko dugu etxeko pain d’epices egiten, baina errezeta hau egiteko irrikitan zaudetenok oraingoz ogi zaharrarekin ordezka dezakezue.
1. Haragi zatiak gatz eta piper hautsez gozatu. Kazola batean olio zorrotada berotuta, haragi zatiak bota, bizpahiru txandatan. Bertan kozinatuko ditugu ongi gorritu arte. Erretilu batean jaso gorritutako zatiak.
2. Hirugihar ketua kazola berean gorritu, erretilura atera eta mokaduko zatitan moztu.
3. Haragia eta hirugiharra gorritzeko erabili dugun kazolako olio berera bota tipula txikitua eta erramu hostoa. Ongi kozinatu tipulak karamelu kolorea hartu arte. Azukrea gaineratu eta nahasi.
4. Pain d’epices xerra bakoitzean Dijongo mostaza zabaldu eta kazolako tipularen gainean jarri.
5. Haragi eta hirugihar zatiak gaineratu eta nahasi aurreko osagaiekin. Garagardoarekin ongi busti, eta su eztian egosten utzi. Egosketa denbora erabiliko dugun haragiaren araberakoa denez, haragia probatu eta samurra dela ikustean egina dagoela jakingo dugu.
6. Calaisen eta Flandrian ere, patata frijituak izan ohi dira plater honen osagai. Bapo bazkaltzeko prestaketa berria flandriarren karbonada!