Tomate saltsa

Izaro azkar baino lehen moldatu zen maien bizitzara: hura Euskal Herriko baserri batean oporrak pasatzea bezala zen.

Egun batez, Itzelek esan zion Manexi ea Copanera joan nahi zuen. Copan zen inguruetako herririk handiena. Eraikuntza dotorez beteta zegoen, eta pilota-jokorako harlauzazko plaza zuen.

—Nik ere joan nahi dut! —esan zuen Izarok.

—Baita nik ere! —Itzanayak.

Laurak joan ziren Copanera, jakina! Jendea oso dotore zihoan plazara, soineko eta jantzi apainekin, pilota partida ikustera. Haraxe joan zen gure laukotea ere. Ordurako hasia zegoen partida.

—Askotan, partidek gauera arte irauten dute, eta, batzuetan, gauez zuzien argitan ere jokatu izan dira, baina guakamaio mokoaren antza duten harri horietako zulotik sartzen bada pilota, amaitu egiten da partida —esan zien Itzelek.

Horretan ari zirela, Manexen bila etorri ziren. Itzelek adierazi zion zer nahi zuten: «ikusi zutela morrosko indartsua zela, eta ea pilotan jokatu nahi zuen».

—Nola ez! —esan zuen osaba Manexek, harro samar. Han joan zen plazara.

Jarraitu zuten jolasean, eta halako batean, hartu zuen Manexek pilota eskuarekin, eta zast!, kolpe indartsu batekin harriaren zulotik pasatu zuen. Oihu egin beharrean, jendea isil-isilik geratu zen.

—Hori ezin da egin —esan zion Itzayanak Izarori–. Pilota belaunekin, mokorrekin, sorbaldekin... jo daiteke, baina inoiz ez oinekin, eta are gutxiago eskuekin!

Izarok salto egin zuen plazara eta osabaren ondoan jarri zen. Esan zuen:

—Osabak ez zekien pilota ezin zela eskuekin ukitu! Barkatu egin behar diozue!

Jendeak sekulako orroak egin zituen. Haserre zegoen zeharo!

—Goazen hemendik —esan zion osabak Izarori, eta korrika abiatu ziren, ihesi. Eskura zeukaten janaria botatzen hasi ziren Copanekoak: fruta, tomateak... Tomate biribil bat burura zetorkiola ikusi zuen Izarok.

—Ai ama! —esan zuen.

Gero, zorabio bezalako bat izan zuen, eta, ustekabean, Fifiren aurrean agertu zen bere etxean. Paretako erlojuan ez ziren bost minutu baino pasatu.

—Zer gertatzen da hemen? —galdetu zuen amak, gelara sartuta—. Zer egiten du hemen tomate zarpail horrek? Ez al dizut esan gela jasotzeko?

—Bai, ama —esan zuen Izarok.

—Tiens, tiens —hitz egin zuen Fifik.


Dagoeneko jakingo duzun bezala, tomatea Ameriketatik etorritako fruitua da, eta Ameriketatik hona ekarri zutenean, Europako jendea izenaren bila aritu zen ez baitzekien nola deitu behar zitzaion. Azkenean, errazena egin zuten: lehengo izen zaharra erabili zuten. Fruitu horren euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko, alemanezko, ingelesezko... izena Ameriketako izen batetik omen dator. Izan ere, hangoek tomatl deitzen zioten, eta fruta urtsua esan nahi du.

Hala ere, tomate deitzen hasi aurretik lehengo izen zaharrak askoz bitxiagoak ziren. Frantsesez, pomme d ́amour deitzen zioten, maitasunaren sagarra; alemanez,
tollapfel, sagar eroa; eta italieraz, lehen eta orain, pomodoro, urrezko sagarra. Tomate mota asko daude, kolore askotakoak: gorriak, moreak (ia beltzak), horiak... Gaur egun ezagunena tomate gorria da, baina lehen, itxuraz, horia ere oso ezaguna zen. Tomate hori horrek ia urrearen kolorea zuen, eta hortik pomodoro deitzea.

ERREZETA • TOMATE SALTSA

  • Kilo bat tomate ondu.
  • Tipula 1.
  • Azenario 1.
  • Lau baratxuri ale.
  • Oliba olioa.
  • Oreganoa.
  • Albaka sorta bat.
  • Gatza.
  • Azukrea.

Dagoeneko landatuta daude tomate landareak jatetxeko baratzean. Landareak handitu, lore horiak ikusi, eta, azkenik, eguzkiak ondutako fruitu eder hori biltzeko garaia iristeko irrikan gaude. Aurten fruitu berde, gorri, ilun eta horiak dastatuko ditugu, baina, heldu bitartean, hamaika errezeta dugu buruan dantzan. Askotan erabiliko dugun tomate saltsa prestatuko dugu oraingoan.

1. Txikitu tipula, azenarioa, apioa eta baratxuriak. Berotu su ertainean olio apur bat zartaginean, eta erregosi barazkiak.

2. Bitartean, garbitu tomateak, moztu laurdenetan eta kendu haziak. Bota zartaginera. Maneatu oreganoarekin, azukre pitin batekin eta gatzarekin. Sukaldatu su eztian, eta nahastu, noizean behin.

3. Egina dagoenean, gaineratu albaka sorta, eta pasatu puregailutik (irabiagailuarekin baino kolore biziagoa mantenduko du). Berotu eta dastatu zaporea zuzentzeko.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top