'Pasta al nero di sepia'

Izaro eta Fifi haserre samar ibili ziren Pisara iritsi zirenean, baina zerbait jan ondoren umorea eskuratu zuen loro koitaduak, eta ezertxo ere esan gabe Izaroren sorbaldara igo eta mokokada txikiak egin zizkion neskari belarrian.

—Hago geldirik, alproja halakoa —esan zion Izarok Fifiri.

—Groak —erantzun zion loroak, eta hegoak astindu zituen.

Izozki-saltzailea trattoria-tik irten zen, eta ate ondoan zegoen izozkien orgatilari begiratu zion; gero, hasperen handi bat egin zuen. Italiako lurra zapaldu zuenean pozik zegoen oso, eta halaxe esan zuen, gainera: berarentzat berdin zela Pisa edo Venezia. Baina denboratxo bat pasatu ondoren, aldatu egin zitzaion iritzia. Ez zen gauza bera, eta berak nahiago zuen bere Veneziako txokoan bizi beste edozein tokitan baino. Italia handiegia zen, berak nahikoa zuen Veneziako plaza txiki bat izozkiak saldu eta auzokideekin hitz egiteko: San Marko elizaren atzeko Lehoitxoen plazan bizitzea maite zuen, ez beste.

—A! La piazetta dei leoncini —esan zuen, eta hasperen egin, berriz ere.

—Uste dut gure izozki-saltzaileak herrimina duela, eta amorratzen dagoela bere lurraldera joateko —esan zion Izarok Fifiri.

—Groaak? —esan zuen Fifik.

—Benetan, Fifi. Aspertzen ari da, nik uste. Ez al dizkiozu hasperenak entzun?

Fifik italiarrari begiratu zion, eta «tiens, tiens» esan zuen.

Zorabio txiki baten ondoren, Izaro Veneziako San Marko plazan agertu zen. Izozkien orgatilaren gainean zegoen, loroa sorbaldaren gainean zuen eta izozki-saltzailea orgatilari helduta iritsi zen biekin batera. Plazakoek harrituta begiratzen zituzten, ezin ulertu nondik agertu ziren! Izaro ere harrituta zegoen jende hura ikusita. Gehienak oinetako bereziz jantzita zeuden, plastikozko bota horiekin. Botak luzeak ziren, izterretaraino iristen zirenak, plastikozko zorro horien antzekoak, zabalak, galtzen gainetik janzteko.

Eserita zegoen orgatila gainetik begiratu eta ikusi zuen plaza osoa, marmolezko hondoa duen urmael handi baten moduan, arra bete urez estalia zegoela.

Acqua alta —esan zuen izozki-saltzaileak.

Adierazi zien urtean hainbat aldiz, gero eta sarriago, zoritxarrez, Adriatiko itsasoko ura Veneziako aintziran barrena sartzen zela eta hiriko hainbat plaza urez estaltzen zituela.

—Venezian horri acqua alta deitzen diogu, eta marea biziak eta ilargia betea dagoenean gertatzen da, batik bat. Zatozte nirekin. Nik eramango zaituztet nire etxera. Haraino oso gutxitan iristen da ura.

Fifi orgatila gainean zuela, hari bultzaka abiatu zen saltzailea; atzetik, Izaro, txipli-txapla uretan.


Ez dago ziur jakiterik nondik sortua edo etorria den Italiara pasta jateko joera. Batzuen ustez, Marko Polok Txinara egin zuen bidaiaren ondoren hasi ziren prestatzen eta jaten pasta Italian. Beste batzuen ustez, ordea, hori baino lehenagokoa da ohitura hori, erromatarren edo etruriarren garaikoa. Oinarrian, pasta guztiak era bertsuan egiten dira: gari gogorraren irinarekin eta urarekin ore trinko bat egin eta ore hori zapaldu, moztu edo zulo txikietatik pasarazi. Hortik ateratzen dira tailarinak, makarroiak, espagetiak eta gainerako pasta guztiak. Batzuetan beste zenbait osagai nahasten zaizkio oreari: arrautza, ziazerba, tomatea... bai koloreak eta bai zaporeak aldatzeko.

Italiarrak pasta-jale amorratuak izan dira. Leku askotan egunean bi edo hiru aldiz jaten omen zuten pasta, eta beti kontatu ohi da: «guk pasta asko jaten dugu, baina halako herrikoek, horiek izugarriak diRa... Gosaritan ere pasta jaten dute!».

ERREZETA • 'PASTA AL NERO DI SEPIA'

  • 250 gramo irin.
  • Hiru arrautza.
  • Zorro bat tinta beltz.
  • Ura.

Inoiz egin al duzue pasta freskoa etxean? Zaila dirudi agian, baina eskuak osagaiekin zikindu, orea eskuz landu eta hori kozinatuz etxekoen harridura aurpegia ikustea gustuko dugunontzat prestaketa berezia dela aitortu behar dugu. Garbitu mahai gaina eta eskuak, pisatu osagaiak, eta prest gaude Pasta al nero di sepia prestatzeko.

1. Bota irina mahai gainean, eta mendi moduko bat egingo dugu. Zabaldu zuloa tontorrean, eta sumendi baten forma emango diogu.

2. Isuri tinta ontzi txiki batean, eta bi ur koilarakadarekin disolbatuko dugu. Gaineratu hiru arrautzak, eta nahasi.

3. Isuri ontziko nahasketa sumendiaren kraterrean, eta, pixkanaka, osagai guztiak nahasiko ditugu. Orea gogotsu landu behar dugu, leun gera dadin. Jarri erretilu batean, estali trapuarekin eta eman atseden ordu erdiz.

4. Landu orea. Pasta egiteko etxeko makina bereziak daude, eta horiekin di-da batean egin daiteke pasta. Tramankulu horren faltan, nahikoa da arrabola, baita beirazko botila bat ere. Hautseztatu mahaia irinaz, eta zabaldu arrabolaz orea, fin-fina izan arte. Zabaldutako oreak forma irregularra duenez, moztu ertzak laukizuzen bat izan dezagun. Moztutako ertzak elkartuta, egin ore berri bat eta zabaldu berriro orea, dena aprobetxa dezagun.

5. Moztu tagliatelleak gustuko zabaleran, labanarekin. Jaso, egosteko unea heldu arte. Pasa makila fin bat tagliatelleen azpitik, eta jaso. Arropa eseki berriaren antza hartuko dute tagliatelleek!

6. Tagliatelleak freskoak direnez, denbora gutxi behar da egosteko: 3-4 minutu nahikoa; egosteko denbora aldatu egin daiteke egindako pastaren lodieraren arabera.

7. Aurkeztu pasta itsaskidun saltsa gozo batekin. Jateko prest dago etxeko Pasta al nero di sepia mundiala! Pasta egiten hartutako lanak merezi du, ezta?

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top