Zipriztin olinpikoak Parisen
Uztailaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko dira Olinpiar Jokoak, Parisen. Duela hiru urte Tokion jokatu zirenak ikuslerik gabe eta murrizketa askorekin jokatu zituzten, baina oraingo horiek ez dute murrizketarik izango. 206 herrialdek parte hartuko dute: besteak beste, 42 euskal kirolarik.
Enekoitz Telleria Sarriegi
1. PARISERA BUELTAN
Hirugarren aldiz egingo dituzte Olinpiar Jokoak Frantziako hiriburuan, eta marka da hori. Londresek baino ez ditu antolatu Olinpiar Jokoak hiru aldiz (1908, 1948 eta 2012). Parisek antolatu zituen 1900 eta 1924 urtekoak ere. Alegia, ehun urte beteko dira antolatu zituen azken Joko haietatik. Lau urtean behin antolatzen dira Jokoak, baina Tokiokoak urtebete geroago jokatu ziren, pandemiagatik, eta horregatik jokatuko dira Pariskoak hiru urtera.
2. BADIRA 33 EKITALDI
Parisen jokatuko diren horiek Aro Modernoko 33. Olinpiar Jokoak dira. Olinpiar Jokoek Grezian dute jatorria. Han egin ziren aurrenekoak, K.a. 776. urtean āOlinpia hirian egiten zirelako izena dute horrela jokoekā, eta 1896an Atenasen egindakoetan aritu ziren lehen aldiz herrialde ezberdinetako atletak āhamalau herrialde eta bederatzi kirol ziren orduanā. Emakumezkoek 1900. urtean Parisen jokatutakoetan hartu zuten parte lehen aldiz, eta ordutik hona 32 ekitaldi jokatu dira ā hiru bertan behera gelditu ziren gerrateengatikā. Horiek horrela, Tokion (Japonia) jokatu ziren aurrekoak (2021), eta Los Angelesen (AEB) jokatuko dira hurrengoak (2028).
3. PARALINPIAR JOKOAK ERE BAI
Olinpiar Jokoek baino historia laburragoa dute, baina lau urtean behin jokatzen dira Paralinpiar Jokoak ere. 1960an jokatu ziren lehen lehiaketak modu ofizialean, Erroman (Italia). 23 herrialdetako 400 atletak hartu zuten parte lehen ekitaldi hartan, eta lau urtean behin jokatzen dira geroztik. Abuztuaren 28tik irailaren 8ra jokatuko dira Pariskoak. 182 herrialde ariko dira, eta 4.400 kirolari.
4. INAUGURAZIO EKITALDIA
Udako Olinpiar Jokoen historian aurreneko aldiz āNeguko Olinpiar Jokoak ere jokatzen dira; Cortina dāAmpezzon (Italia) jokatuko dira 2026koakā, estadio batetik kanpora egingo dute inaugurazio ekitaldia. Sena ibaian egingo dute kirolarien desfilea, eta herrialde bakoitzak bere itsasontzia edukiko du. Sei kilometroko ibilbidea osatuko dute uretan, Austerlitz zubitik abiatu eta Trocaderon jaitsiko dira atletak, ekitaldi nagusirako. Alegia, herritar gehienek debalde ikusi ahalko dute inaugurazioa, ez baita sarrerarik kobratuko ekitaldia ibaiaren ertzetik eta inguruetatik ikusteko.
5. MASKOTA
Hamalau maskota ezberdin izan dituzte Olinpiar Jokoek euren historian. Mexikoko jaguarra izan zen lehenengoa (1968), eta Miratowa eta Someity izan ziren Tokiokoak (2021). Parisko maskota berbera da Olinpiar Jokoetarako eta Paralinpiar Jokoetarako: Phryge. Lehen aldiz, ez du animaliarik edo bestelako izaki bizidunik gorpuzten. Frigiar txano bat da, Frantziako Errepublikaren sinboloetako bat.
6. EUSKAL KIROLARIEN ZERRENDA
42 euskal kirolari ariko dira Parisen. Euskal selekziorekin lehiatu ezin direnez, beste herrialde batzuetako selekzioekin ariko dira.
- Arrauna: Virginia Diaz.
- Atletismoa: Majida Maayouf, Tessy Ebosele, Asier Martinez, John Cabang.
- Belar hockeya: Jose Maria Basterra, Rafael Villalonga.
- Boxeoa: Oier Ibarretxe.
- Eskubaloia: Maitane Etxeberria, Lysa Tchaptchet, Sergei Fernandez, Kauldi Odriozola, Imanol Gartziandia.
- Futbola: Elene Lete, Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia, Jon Pacheco, BeƱat Turrientes, Aimar Oroz, Nowen Lorenzo, Ibai Gomez.
- Gimnastika artistikoa: Salma Solaun.
- Golfa: Jon Rahm, Carlota Ziganda.
- Judoa: Ariane Toro.
- Piraguismoa: Maialen Chourraut, Miren Lazkano, Pau Etxaniz.
- Saskibaloia: Dario Brizuela, Xabi Lopez-Arostegi.
- 3x3 saskibaloia: Gracia Alonso, Hortense Limouzin.
- Skateboardinga: Alain Kortabitarte, Naia Laso.
- Surfa: Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez Etxabarri, Andy Criere, Joan Duru.
- Txirrindularitza: Oier Lazkano, Alex Aranburu.
- Waterpoloa: Alberto Munarriz.
7. 'BERRIA' ERE JOKOETAN
Euskaldunon Egunkaria Atlantan (1996) hasi zen Olinpiar Jokoen berri bertatik bertara ematen, eta hutsik egin gabe aritu da geroztik. BERRIA egunkariak hiru berriemaile berezi izango ditu Parisen (Ainara Arratibel, Oli Artola eta Mikel Rodriguez), eta ahalegin berezia egingo du webgunean eta paperean.
BITXIKERIAK
Domina gehien duen kirolaria: Michael Phelps estatatubatuarra. 2004., 2008., 2012. eta 2016. urteetan parte hartu zuen, eta 28 domina ditu orotara.
Domina gehien duen herrialdea: AEBak ageri dira sailkapen nagusian lehenengo, 2.655 dominarekin.
Kirol berriak Parisen: Dantza estilo bat olinpiar kirola izango da estreinakoz: breakdancea. Tokion estreinatutako kirolek ere jarraipena izango dute: kirol eskalada, surfa eta skateboardinga. Kirol berri horien artean, Paristik kanpora egingo duten bakarra surfa izango da: Teahupoko hondartzetan, Tahitin (Polinesia Frantsesa).