Zenbaki eta hitz adina jolas

Bat, bat, bat, bart parrandan ibili» dio Oskorriren Ixil-ixilik abestiak. Eta lau bateko ditu Mantangorriren aste honetako zenbakiak: 1.111. Kapikua da zenbakia, hau da, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen da. Halako bitxikeria ugari sortzen dira hizki eta zenbakiekin, jolas egiteko balio dute, eta hizkuntza eta matematikak dibertigarri bilakatzen dira hala. Horietako batzuk ezagutzera gonbidatu nahi zaituztete gaurko Mantangorrik.

Ane Insausti Barandiaran

1. KAPIKUAK

Ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen diren zenbakiak dira kapikuak. Zenbaki berarekin osatuak izan litezke, edo desberdinekin osatuak: 2.222, 1.441 edo 56.377.365. Data kapikuak eta ordu kapikuak ere egon daitezke: 2021eko abenduaren 2a, adibidez, kapikua da, zenbakiz idatziz gero (2021-12-02). Kapikua guztiek ez dute ilusio bera egingo eta ez dira hain dibertigarriak izango, ordea: egongo da egunero iratzargailua 05:50ean jartzen duenik, esnatu eta lanera joateko.


2. PALINDROMOAK

Zenbakiekin gertatzen den bezala, hitzekin eta hizkiekin ere gertatu liteke fenomeno bera. Badaude alde batetik zein bestetik hasita berdin irakurtzen diren hitzak: palindromoak. Baita esaldiak ere! Duela mende asko, kanpotik etorritako izakien, aztien, jainkoen eta deabruaren hitzekin lotzen zituzten palindromoak. Mezu ezkutuak agertzen direnez tartean, sinetsi izan da palindromoak mistikoak direla.

Palindromoak dira, esate baterako ama, eme edo zurrumurruz hitzak. «Azti hitza» da gaur egun arte iritsi den euskarazko palindromorik zaharrena, Agosti Xaho idazleak sortua. Hainbat lehiaketa antolatu izan dira Euskal Herrian palindromoei lotuta. BERRIA egunkariak babestu zuen otsailean horietako bat. Hauxe izan zen irabazlea, Mikel Azkarate bergararrak (Gipuzkoa) sortua: «Irauli psiko-eleok ispiluari».

3. BIFRONTEAK

Bifronteak edo anaziklikoak alde batetik eta bestetik irakurri daitezkeen hitz edo esaldiak dira. Hori bai, ez dira berdin idazten eta irakurtzen, eta esanahi desberdina hartzen dute alde batetik edo bestetik irakurriz gero; hori da palindromoetatik desberdintzen dituena. Bi aurpegiko hitzak dira, nolabait esateko. Hona hemen adibide batzuk: ore eta ero; apo eta opa; zeru eta urez; olio eta oilo. Ezkerretik eskuinera irakurtzean esanahi bat daukate, eta eskuinetik ezkerrera irakurriz gero, berriz, beste bat.


4. ANBIGRAMAK

Gutxienez bi  eratara irakur daitezkeen hitzak dira anbigramak. Diseinuarekin lotuta daude, kaligrafiarekin, horrek ematen baitu modua bi eratan irakurtzeko. Batzuetan, hitz hori ispiluaren aurrean jarrita lortzen da bestela irakurtzea, eta beste batzuetan, berriz, 180 gradu edo 90 gradu biratuta, esate baterako. Zenbakiekin ere gertatzen da: 2021-02-12 datarekin, esaterako.


5. ANAGRAMAK

Hitz edo esaldi bateko letrak ordenaz aldatuz, beste hitz edo esaldi bat lortzean datza anagrama bat. Adibidez: dela eta alde; plaza eta zapla; garagar eta gargara; apal eta pala.

Txomin Agirre idazlearen Kresala eleberrian aurkitu liteke anagrama bat. Ondarroan (Bizkaia) jaio zen Agirre, eta ipuineko herriari Arranondo izena jarri zion; haren jaioterriaren anagrama bat da, hain zuzen ere.

6. ALFAGRAMAK

Alfabetoaren ordenan berridazten diren letra multzoak dira alfagramak. Hau da, hitz bat hartu eta letrak alfabetoaren ordenan jarri behar dira horietako bat lortzeko. Alfagrama hitzaren alfagrama, «aaaafglmr» izango litzateke. Eta bitxikeria hitzarena, berriz, «abeiiikrtx». Baina, zertarako erabiltzen dira? Bada, kriptografiarako, hau da, informazioa babesteko, eta jatorrizko hitzak edo esaldiak ezagutu ez daitezen, ezkutuan gera daitezen.


BA AL DAKIZU?

  • Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua argitaratu zuen. Markos Gimenok sortutako palindromoetan oinarrituta. Hain zuzen ere, letrakartel hitza palindromoa da.
  • 1 zenbakia soilik erabilita osaturiko edozein zenbaki halako beste zenbaki batekin biderkatuz gero, lortzen den emaitza  kapikua izango da beti. Adibidez: 1.111 x 11.111 = 12.344.321.

top