Zaintza aldarri izanik, grebara

Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, datorren ostegunean, azaroaren 30ean, greba feminista orokorra egingo dute Euskal Herrian, lehenengo aldiz. Zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde, lantegiak hustu eta kaleak hartuko ditu jendeak. Baina zer esan nahi du horrek?

1. ZEIN DA ALDARRIKAPEN NAGUSIA?

Zergatik egiten dituzte emakumeek etxeko lan gehienak? Edo zergatik dira aitona-amonen zaintzaile gehienak emakume arrazializatuak? Mugimendu feministak urteak daramatza zaintzari buruz hausnartzen eta zaintza lanen desorekak salatzen. Izan ere, pertsona guztiek behar dute zainduak izatea, baina denek ez dute neurri berean zaintzen. Datuen arabera, emakumeek gizonek baino denbora gehiago pasatzen dute etxeko lan ordaindu gabeak egiten. Eta zaintza lanbide gisa dutenek, aldiz, lan baldintza txarrak izaten dituzte askotan. Horregatik salatzen du mugimendu feministak zaintza lanak «ezkutukoak, prekarizatuak, feminizatuak eta arrazializatuak» direla, eta denen artean banatu behar direla.

3,6 milioi euro. Etxeko langileek gutxieneko soldata jasoko balute, egin beharko litzatekeen gastua.

2. ZERGATIK GREBA?

Aldarrikatzeko modu bat delako erabaki dute greba egitea. Dena den, prozesu osoari begiratuko diotela iragarri du mugimendu feministak. Hau da, greba egunari ez ezik, ordura arte egindako antolakuntzari, saretzeari eta jendearen aktibazioari garrantzia eman nahi diote. Hala, eragileen arteko aliantzak sendotu nahi dituzte, eta erabakiak hartzeko eskumena duten erakundeen arreta lortu, neurriak hartu ditzaten.


3. ZERGATIK FEMINISTA?

Greba feminista izango da, batetik, sistema «kapitalista, heteropatriarkala, kolonialista eta arrazista» salatzeko, eta, bestetik, zapalkuntza horiek amaiarazteko. Izan ere, gizonek pribilegioak dituzte; besteak beste, zaintza lanen ardura eta karga emakumeen gain jarri izan delako, eta lanbidetzat zaintza duten pertsona gehienak emakumeak eta arrazializatuak direlako. Gainera, zaintzarekin «negozioa» egiten dela salatu nahi dute, dirua jartzen delako sarri pertsonen bizitzaren aurretik: zahar etxeak edo osasun sistema enpresa pribatuen esku utziz, adibidez.


4. ZERGATIK OROKORRA?

Hainbat mugimenduren artean antolatu dute greba, horien arteko aliantzak josteko: ikasleak, sindikatuak, pentsiodunak, alderdi politikoak... Izan ere, zaintza eskubidearen aldeko borroka bizitza guztien aldeko borroka dela ulertzen du mugimendu feministak, eta eragile asko inplikatu nahi ditu, haien ardura ere badela ulertu dezaten. Besteak beste, greba orokorra izanik, gizonak ere deituta daude grebara, betiere antolaketaren gidaritza mugimendu feministako emakumeen gain utziz.

2,2 ordu egunero. Emakumeek zaintza lan ordaindu gabeak egiten gizonek baino 2,2 ordu gehiago ematen dituzte egunero.

5. NONDIK DATOR GREBAREN IDEIA?

Mugimendu feministak grebara deitu zuen 2018ko eta 2019ko Martxoaren 8an. Egun horietan, emakumeek planto egin zuten, eta mugimendu feministak erakutsi zuen mobilizatzeko eta saretzeko indarra badaukala. Horrez gain, ohiko greba egunetan bezala, kontsumitzeari eta lanera joateari uzteaz gain, zaintza greba ere egin zuten. Hala, aldarrikatu zuten emakumeek isilpean egiten dituzten zaintza lan horiek egin ezean eguneroko martxa eten egiten dela: emakumeak gelditzen badira mundua gelditzen dela erakutsi zuten.


6. ZER GERTATU ZEN PANDEMIAN?

2020ko pandemiak, ordea, apaldu egin zuen aurreko bi urteetako olatua, jendea etxean sartuta zegoelako. Hain zuzen, pandemiak agerian jarri zuen zaintza krisia: gaixotasun batek mundua geldiarazi zuen, baina zaintza lanak ezin dira gelditu, eta hainbat langilek –zahar etxeetakoek, ospitaleetako langileek, adinekoen zaintzaileek, gizarte hezitzaileek...– lanera joaten jarraitu behar izan zuten. Hala, argi geratu zen zaintza ezinbestekoa dela, eta langile horiek lan baldintza txarrak salatu zituzten. Orduan sortu zen Denon Bizitzak Erdigunean plataforma, zaintza sistema publiko-komunitario bat sortzeko prozesua abiatzeko. Plataforma horrek deitu du orain azaroaren 30eko greba.


7. ETA HEMENDIK AURRERA?

Greba ez da helburua, abiapuntua edo tresna baizik. Herri akordio bat sortu dute zaintza eskubide kolektiboa izan dadin, eragile sozial eta sindikalek bat eginda. Besteak beste, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, zaintza sektoreko langileen baldintzak hobetzea, Atzerritarren Legea bertan behera uztea, eta pentsio duinak ezartzea jaso dute akordioan.

%88. 2020an, Araban Bizkaian eta Gipuzkoan 434 zahar etxe zeuden; horietako 146 baino ez ziren titulartasun publikokoak, eta berrogeik baino ez zuten kudeaketa publikoa.


top