Yolanda Arrieta: «Zoriona ezin da erosi, norberak landu behar du»

Zer gertatzen zaio saguari?

Hori ez dakigu, hari galdetu behar. Mezu bat utzi du, ezin duela momentu honetan bere lanarekin jarraitu. Beraz, barkatzeko, eta norbaitek kikak edo eroritako hortzak utzi baditu eta jaso nahi baditu, eskatzeko. Eta eskutitzak idazten baditu, idazteko. Gainera, ez dakigu noiz itzuliko den.

Baina Mimi eta Loa bikien hortzak kolokan daude...

7 urte dauzkate, eta bakoitzak zazpi hortz kolokan. Batek lau goian eta hiru behean, eta, besteak, hiru goian eta lau behean. Baina korapilo horretan daudelarik, ziztu bizian iritsiko da Mari Gonagorri, bere gurpil gorriko gurdi gorrian, eta hortxe hasiko da abentura Mimi eta Loarentzat.

Zer abentura?

Mari Gonagorrik, aspaldi, horixe bera egiten zuen: umeen hortzak jaso, eta opariak ekarri. Baina hori apurka-apurka deskubrituz joango dira irakurleak, opari horiek ere bereziak izango baitira.

Erortzen diren hortzekin loturiko figura bat berreskuratzen du ipuinak: Mari Gonagorri.

Bai. Mari Gonagorri, gainera, mantangorriekin lotuta dago leku askotan, zuen MANTANGORRI bezalaxe. Modu askotara deitzen zaio: Kattalingorri, Mantangorri, Mari Gonagorri... Lotuta dago eguraldi iragarpenarekin, baina, Bizkaia aldean-eta, baita esneko hortzak erortzearekin ere. Aspaldi, eroritako hortzak sutara edo teilatura jaurtitzen ziren.

Bere gain hartuko du saguaren egitekoa?

Bai, eta bikiek Mari Gonagorriren etxea ezagutuko dute, Gorrienea, eta desioen errota. Bakoitzak erosi ezin den nahi bat bota behar du errotara: beldur bati aurre egin, handitan zerbait izan... Desioa aipatu, eroritako hortzak errotan kokatu, eta kemen bonbak emango ditu, nork bere kabuz nahi duen hori lortzeko. Kemen bonba desberdinak daude, izen bereziak dauzkate, eta izenek sekretu bat gordetzen dute.

Opariei buruzko hausnarketa bat egitea ere bada asmoa?

Iruditzen zait opariak «saltzen» direla erosten diren gauzekin. Desioa ez da bakarrik auto bat edo bizikleta bat nahi izatea. Zer izan nahi duzun handitan, zer lortu nahi duzun lasaiago bizitzeko edo zoriontsuago izateko... Horiek ere desioak dira. Zoriona batzuetan ezin da erosi; zoriona norberak landu behar du batzuetan. Eta horretarako etenik gabeko indarra eta kemena behar ditugu.

Lizardi saria jaso du ipuinak. Pozik hartu duzu saria?

Oso pozik, bai. Ipuina hor zegoen, baina Lizardi sariak eman zidan laguntza ipuin horrekin liburu eder bat egiteko. Eta horixe egin dugu. Itxura denez, Mari Gonagorrik niri ere eman dit kemena, ipuin hori liburu bihurtzeko.

LIBURUA

  • Izenburua: Mari Gonagorri eta hamazazpi berri.
  • Egilea: Yolanda Arrieta.
  • Marrazkiak: Enrique Morente.
  • Orrialde kopurua: 60 orrialde.
  • Adina: 0 eta 8 urte arteko haurrentzat.
  • Prezioa: 15 euro.
  • Argitaletxea: Denonartean.
top