Xabier Elizalde, 'Go!azen'-eko aktorea: «Grabatzera joaten naizenean ez dut sentitzen lanean ari naizenik»
Hasi da Go!azen-en 11. denboraldia, eta hasi dira Basakabiko abenturak. Bigarren urtea du Anerren rola jokatzen Xabier Elizaldek (Iruñea, 1996), eta esan du lortu duela aurten «lasaiago» hartzea. Aurreratu du Anerrek «bide polita» egingo duela.
Ane Insausti Barandiaran
Hasi da Go!azen-en 11. denboraldia, eta hasi dira Basakabiko abenturak. Bigarren urtea du Anerren rola jokatzen Xabier Elizaldek (Iruñea, 1996), eta esan du lortu duela aurten «lasaiago» hartzea. Aurreratu du Anerrek «bide polita» egingo duela.
Lehen ataletik dago saltsa: Aner Basakabin agertu da, ezustean.
Aurreko urtean Anerrek gauzak ez zituen ongi egin, eta kartzelan bukatu zuen. Aurten polita izango da haren bidea: Basakabiko lorezaina izango da.
Bigarren aukera izango du?
Bai, bigarren aukerekin lotutako programa batean dago sartuta. Nahiz eta gauza bat gaizki egin, beste aukera bat eman behar delako. Kostako da, lehengo urteko mina oraindik hor dagoelako, baina ea zer gertatzen den.
Gaiztoaren rola jokatzen duzu. Haurrek zer esaten dizute?
Denetarik dago. Ume txikiei pertsonaia gaiztoak gustatzen zaizkie. Baina badaude beste batzuk kalean esaten didatenak: «Zaindu Garazi, e! Kontuz ibili...».
Bigarren urtea izan da zuretzat. Zer moduz joan da?
Iaz baino lasaiago. Aurten koreografia gutxiago eduki ditut, eta horrek aukera eman dit testuari kolore gehiago emateko. Polita izan da iaz nik jaso nuen laguntza aurten nik eskaini ahal izatea aktore berriei. Asko zaintzen dugu elkar Go!azen-en, ze ia hiru hilabete dira lanean.
Aukera polita da aktore lanetan hasteko, ezta?
Bai, eta dantzan, euskal musikan... Niri asko gustatzen zait Go!azen, batez ere ume txikiei erakusten dielako euskaraz ere egin ditzakegula telesailak, musikalak... Euskarari kariñoa ematen diogu.
Dantzatzea, abestea, antzeztea... zer duzu nahiago?
Interpretazioa gustatzen zait gehien. Abestea ere asko gustatzen zait; gitarra, ukelelea eta beste bi instrumentu ere jotzen ditut. Dantzatzea gehiago kostatzen zait. Euskal dantzak ondo, baina dantza urbanoa, hip-hopa eta halakoak gehiago kostatzen zaizkit.
Umetatik izan duzu gustuko?
Musika eta dantza bai. 6 urterekin hasi nintzen euskal dantzekin. Musikarekin, txistua eta danbolinarekin, berriz, 8 urterekin. Eta gero, interpretazioan, Lekunberri Telebistan hasi nintzen, Deus ez da perfektua-rako, 16 edo 17 urterekin. ETBn lan batzuk egiten hastean esan zidaten antzerkia ikastera joan behar nuela, TAE Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrera. Iruñea utzi, eta Donostiara joan nintzen, interpretazioa ikastera.
Umetan, ondo moldatzen zinen ikasketetan?
DBHko 2. maila errepikatu egin nuen; aitona hil egin zen, eta ez zen urte erraza izan. Bestela, gustatzen zitzaizkidan gauzak ondo egiten nituen. Jaso ikastolan ikasi nuen, eta bertan izugarrizko lana egiten dute kulturarekin eta musikarekin. Giro oso polita geneukan, oso euskalduna. Orduan nagia ematen zigun, baina orain, urteak pasatuta, konturatzen naiz ze urte politak izan ziren.
Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?
Espero dut aktore aritzea, grabatzera joaten naizenean ez baitut sentitzen lanean ari naizenik. Niretzat ez da lana, baizik eta nire pasioa eta ametsa. Beraz, asko borrokatuko naiz bidaia hau luzea izan dadin.
MOTZEAN
- Abesti bat? Nostalgia (Kauta).
- Plater bat? Ondalan koop-eko hanburgesa.
- Kolore bat? Beltza.
- Zenbaki bat? Hamar zenbakia.
- Erreferente bat? Iñigo Aranburu aktorea.