Webgunerako jauzia

Hogei urte daramatza MANTANGORRIk egunkariko irakurle gazteentzat erreportajeak, elkarrizketak eta bestelako atal interesgarriak sortzen. Bada, MANTANGORRIri ere heldu zaio sarera jauzi egiteko garaia: datorren asteazkenetik aurrera, papereko edukiak www.berria.eus/mantangorri webgunean egongo dira ikusgai.

1. ZER EGONGO DA IKUSGAI?

Papereko gehigarriaren esentzia laburbilduko du, finean, webguneak: buruz beherako mantangorri batek emango dio ongietorria irakurleari, eta hasierako orrialdean ikusiko dira atal nagusiak: gaiak, ipuinak, denbora-pasak, Belardo, azoka eta abar. Horien gainean klik eginda murgilduko dira irakurleak edukietan.

2. NOBEDADERIK EGONGO AL DA?

Berritasunak ere izango dira, ordea: ikus-entzunezkoak bultzatzeko, MANTANGORRIren webguneak hainbat ipuin kontalariren bideoak bilduko ditu, haurrek horiek nahieran ikusi eta entzun ahal izateko. Adi egon, berehala zintzilikatuko dituzte eta.

3. ATALEZ ATAL


GAIAK

Gaiak atalean egongo dira papereko eduki nagusiak: astez asteko erreportajeak, ikuskizunetako erreportajeak, posterretako elkarrizketak, liburuen idazleei egindako elkarrizketak... Eta, nola ez, bertan egongo dira ikusgai Anne Baskaranen, Sandra Garayoaren eta Karmele Gorroñoren ilustrazioak; ohi bezala, irakurleak artez zipriztindu eta gaian barneratzen laguntzeko.


BELARDO, DENBORA-PASAK ETA IRRIEN LAGUNAK

Belardok azken orria umorez kutsatzen du astero-astero ateraldiekin. Bada, Mattinen belar-meta ezagunaren bilduma ikusgai egongo da sarean hemendik aurrera. Kaiet Bengoetxeak egindako denbora-pasak, berriz, deskargatzeko moduan egongo dira, inprimatu eta ariketak egiteko. Eta Irrien Lagunek proposatutako eskulanak, esperimentuak eta bitxikeriak ere irakurgai egongo dira sarean.

IPUINAK ETA LIBURUAK

Euskal Herriko hainbat idazlek sortu dituzte istorioak MANTANGORRIn argitaratzeko, eta bi astean behin argitaratzen dira horiek, atalka, papereko edizioan. Patxi Zubizarretaren Sigi-saga sagu ipuinetik hasi, eta Maddi Zubeldiaren Loa Galdu ipuinera arte, azken orrian topatutako istorioak sarean ere irakurgai egongo dira hemendik aurrera, Kaiet Bengoetxearen ilustrazioek lagunduta. Astez aste, liburuen proposamenak ere egongo dira, Azoka atalean.

4. ETA ORAIN ARTEKOAK?

Gaur egungo edukiez gain, hogei urte hauetan egindako atal esanguratsuak ere sarean izango dira: jolasak, errezetak, esperimentuak... guztiak sarean, denen eskura!

top