Usoa Ostolaza, txirrindularia: «Lan gogorrak fruituak eman ditu»
Pirinioetako Itzulia eta Espainiako Txapelketako errepideko proba irabazi berri ditu Usoa Ostolaza txirrindulariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1998). Esan duen arren ez zuela espero, argi utzi du egindako lanaren emaitza dela hori guztia. Datorren astetik aurrera Italiako Giroan izango da; abuztuan, berriz, Frantziako Tourrean.
Ane Insausti Barandiaran
Bi garaipen lortu berri dituzu. Zorionak! Zer moduz zaude?
Egia esan, denboraldi hasieran ez nuen espero horrelako emaitzak lortzerik. Askotan, kirolean, nahiz eta zuk atzetik lan gogorra egin, beti ez da lortzen nahi den emaitza hori. Lan gogorrak fruituak eman ditu hilabete honetan.
Zer sentitu zenuen?
Ematen du lasterketetan ez dugula pentsatzen, baina denbora gutxian irudi asko etortzen dira burura. Helmuga pasatu nuenean, ezin nuen sinetsi irabazi nuela. Ordu batzuk pasatu ahala, kristoren emozio pila dauzkazu gorputzean. Eta politena da kirol honetan poz hori taldekideekin partekatu dezakezula.
Taldea ere geroz eta indartsuago dago, ezta?
Bai, talde berria da, baina geroz eta konfiantza handiagoa dugunez eta elkar ezagutzen ari garenez, talde dinamika ere asko hobetzen ari da.
Triatloian ibili zinen txirrindularitzan hasi baino lehen.
Ezkerreko sorbaldako lesio bat izan nuen, eta, ebakuntza egin behar izan zidatenez, bolada batez ezin izan nuen igeri egin. Garai ona iruditu zitzaidan txirrindularitza soilik probatzeko, nahiz eta hasierako asmoa biak uztartzea zen. Ez naiz damutzen hartutako bidearekin; orain ikaragarri gozatzen ari naiz txirrindularitzaz.
Nolakoa da txirrindulari baten egunerokoa?
Egunero entrenatzen gara, hau da gure lana. Eguneko helburua da entrenamendua ondo ateratzea, elikadura zaintzea, eta deskantsuari garrantzia ematea entrenamendu horiek asimilatzeko, gero lasterketan dena emateko. Baditu alde txarrak, lagunekin egoteko aukera gutxi daukazulako. Baina izugarri gozatzen dut eguneroko honekin.
Umetatik zara kirolzalea?
Bai, aita eta ama triatletak dira, eta etxean beti bizi izan dut kirola gertutik. Ainhoa Murua triatleta izan zen nire lehenengo entrenatzailea, eta lau aldiz aritu zen Olinpiar Jokoetan. Txikitatik nire erreferentea izan da, nahiz eta emakumezko kirolari erreferente gutxi izan ditugun. Kirola beti gustatu izan zait, beti ibiltzen nintzen jolas orduan mutilekin futbolean...
Eskolan zer irakasgai maite zenuen?
Soinketa beti gustatu izan zait, mugitzea, kirola eta jolasak. Jolas orduaren parekoa zen niretzat. Gero, matematika ere bai, eta natur zientziak: biologia, geologia... Gerora, fisioterapia ikasi dut.
Zer helbururekin joango zara Italiako Girora eta Frantziako Tourrera?
Biak zortzi eguneko itzuliak dira, eta Ane Santestebanekin goaz. Niretzat lehen aldia izango da, eta kristoren ilusioa dut. Maila handia egongo da, baina azken aldiko emaitzak ikusita, uste dut zerbait polita egin dezakegula. Ilusioz goaz, eta Laboral Kutxaren maillota mundu zabalean ezagutarazi nahi dugu.
MOTZEAN
- Txirrindulari bat? Joane Somarriba eta Ane Santesteban.
- Lasterketa bat? Euskal Herriko Itzulia.
- Abesti bat? Su ta Garren Infinitoan.
- Plater bat? Pizza.
- Kolore bat? Morea.
- Zenbaki bat? Hiru zenbakia.