Ukrainatik Euskal Herrira
Ukrainako gerra hasi zenean etorri ziren Iryna eta Veronica Kolodiazhna eta Stas Moskalitcuk anai-arrebak Fatima Elizondoren etxera. Hasierako urduritasunak alde batera utzita, «gustura» daude gaur egun. Gerra amaitzean itzuliko dira Ukrainara.
Fatima Elizondoren etxean daude Veronica Kolodiazhna, Iryna Kolodiazhna eta Stas Moskalitcuk neba-arrebak, Irunen (Gipuzkoa), jostalari, ikastolatik bueltan. 11, 9 eta 15 urte dituzte, hurrenez hurren. Hura izan da haien etxea azken urtean, Ukrainako gerra hasi zenetik. Euskara entzuten da haien ahotik, euskaraz hitz egiten ari baitira, Elizondorekin ez ezik, haien artean ere.
Iazko otsailean hasi zen gerra, baina lehenagotik ezagutzen zuten elkar. Izan ere, Chernobil elkartearen laguntzaz hasi ziren Elizondo eta haren senar Patxi Etxeberria haurrak harreran hartzen. «Nire betiko ametsa zen, egia erranez. Nahi nuen haur bat hartu, laguntza emateko berari eta bere familiari. Hartara, banekien nori ari nintzen laguntzen. Nire bikotekideari esan nion, eta bera ere konforme zegoen», kontatu du.
«Askok esaten digute: 'zer lan hartu duzuen...'. Baina, egia erranda, haiek ere asko ematen digute guri»
Fatima Elizondo
Iryna hartu zuten etxean lehenengo, uda batean, eta baita hurrengo neguan ere. Pandemiarekin, ordea, elkar ikusi gabe egon ziren bi urtez, eta, eten horren ostean, bi ahizpak joan ziren Irunera, Eguberriak pasatzera. Stas anaia, berriz, gerra hasi arte ez zen Euskal Herrian izana, eta bideo deiez soilik ezagutzen zituen senar-emazteak.
Dena ondo joan bada ere, lehen aldia «zaila» izan zela azaldu du Elizondok: «Iryna etorri zen lehen aldian, txikia zen oraindik: 7 urte zituen. Solastatzeko, berak ez zekien deus euskaraz, eta geuk ere ez ukraineraz. Hasieran zaila zen». Chernobil elkartekoek hiztegi txiki bat eman zieten, ordea, oinarrizko hitzak ikasteko: komuna, sukaldea, hondartza, igerilekua... Hain zuzen, argazki bat atera du anaiak, egongelako mahaiaren azpitik: «Begira, gu, igerilekuan!», esan du. Barrez erantzun du Elizondok: «Ni Arantzakoa naiz [Nafarroa], eta, bertan, badugu igerileku bat. Hitz hori segituan ikasi zuten, bai!».
GERRAREN HASIERA
Apirilaren 24an beteko da urte bat anai-arrebak Euskal Herrira etorri zirenetik. Elizondok ondo gogoan dauka nola kontatu zien Irynak gerra hasi zela: «Goiz batean, Irynak deitu zidan, esanez: 'Fatima, Errusia eta gu hasi gara elkarri joka'. Hagitz gogorra izan zen. Gainera, bera ezagututa, banekien oso urduri egongo zela...».
Ukrainako Dytiatky herrikoak dira anai-arrebak, eta Chernobil elkartekoen bidez egin zuten bertatik Euskal Herrirako bidaia. Hasieran urduriago zeudela dio Elizondok; orain, baina, lasaiago sumatzen ditu: «Lehergailu eta hegazkinen hotsak entzunda etorri ziren. Hortaz, hemen, beldurtu egiten ziren hainbat hotsekin: jaietako txupinazoekin, hegazkinen soinuekin, polizia edo suhiltzaileen sirenekin....».
Ikastetxean nola moldatuko ziren zen Elizondoren kezka nagusia: «Niretzat, problemarik handiena hori zen. Eskolan nola hasiko ziren, hemen dena desberdina izango zela... Baina gustura eta kontent joaten dira». Irungo Txingudi ikastolara joaten dira, eta nola sentitu diren azaldu du Irynak: «Pixka bat urduri hasi ginen; ez genekien lagunekin nola izango zen. Baina ezagutu ditugu, eta asko laguntzen digute».
Beste bi senideek ere aise ikasi dute euskaraz: «Nik, etorri nintzen lehen aldian, ez nekien ondo euskaraz, pixka bat bakarrik. Orduan, zerbait esaten zidatenean, Irynak laguntzen zidan», esan du Veronikak. «Harrigarria da zer-nolako martxan ikasten duten euskaraz», Elizondoren hitzetan. Ikastetxean, berriz, euskara laguntzaile bat daukate, eta lehen orduan euskara ikasten dute.
Gustura daude Euskal Herrian, baina Ukrainako senideen falta sumatzen dute: ama, aita eta 4 urteko ahizpa bat dituzte bertan. «Familiaren falta nabaritzen dugu. Gure ahizpa txiki-txikia lurrikara bat bezalakoa da, Veronica bezala; berdin-berdina da», esan du ahizpa zaharrenak, gazteenari begiratuta. «Gerra bukatzen denean itzuliko gara. Eta, beste batean, Fatima etorriko da», esan du Veronicak. «Asko maite dugu Fatima, eta Patxi ere bai», berretsi du Irynak.