Udako albisteak azalera

Abuztuan, oporrak hartzen ditu MANTANGORRIk, ikasturte berriari gogotsu ekin aurretik atseden hartzeko. Dena den, albisteen emariak ez du etenik, eta, hortaz, gaurkotasunaren haria ez galtzeko, udan gertatutakoak bildu eta azaleratu nahi ditu haurren gehigarriko ikasturteko lehen zenbakiak.

Ane Insausti Barandiaran

1. OLINPIAR JOKOAK PARISEN

Lau urteren ondoren, Paris izan da kirolzaleen foku nagusia. Euskal Herriko zortzi kirolarik eskuratu zuten dominaren bat uztailean jokatutako Olinpiar Jokoetan: Aimar Orozek, Jon Pachecok eta Beñat Turrientesek urrea lortu zuten, Espainiako futbol taldearekin; Gracia Alonso de Armiñok, zilarra, hiruko saskibaloian; Pau Etxaniz piraguistak, brontzea; eta Kauldi Odriozolak, Imanol Gartziandiak eta Sergei Hernandezek, brontzea, Espainiako eskubaloi taldearekin.

Orain, berriz, Paralinpiar Jokoek hartu diete lekukoa. Bihar amaituko dira, baina beste zortzi domina lortu dituzte dagoeneko euskal kirolariek bertan. Txirrindularitza izan da dominetan kirolik oparoena: Dorian Foulonek urre bat eta brontze bat lortu ditu; Alexandre Leautek, bi urre eta brontze bat; Heidi Gaugainek, hiru zilar; eta Eduardo Santasek, zilar bat. Iñigo Llopis igerilariak, berriz, bi domina kolkoratu ditu: urre bat eta brontze bat.

2. TXIMINO BAZTANGA

OME Osasunaren Mundu Erakundeak osasun larrialdia ezarri zuen nazioartean, tximino baztanga gaixotasunaren hedatzea zela eta. Bi aldaera ditu gaixotasunak, eta Euskal Herrira bietan arinena dena iritsi da —larrialdirik sortu ez duena, alegia—. Aldaerarik larrienaren epizentroa, berriz, Kongoko Errepublika Demokratikoa da. Tximino baztanga ez da gaixotasun berria, 1970 inguruan sortu baitzen. Ordea, egoerak azkar egin du okerrera Afrikan. Azalean agertzen diren negel babak dira sintomarik ezagunenak, baina sukarra, energia falta eta eztarriko, buruko, giharretako edota bizkarreko minak ere eragiten ditu. Dena den, OME tentsioa baretzen saiatu da azken asteetan.

3. GAZA

Gatazka politikoak eta gerrak ez dira gelditzen udako sasoian, tamalez. Halaxe gertatu da Palestinan ere. Israelen erasoek ez dute etenik, eta abuztuaren 2an 40.000 pertsonara iritsi zen urriko erasoaldiaz geroztik hildako palestinarren kopurua. Azken astean, greba orokorra egin dute Israelen: Benjamin Netanyahu lehen ministroari milizia palestinarrekin Gazarako su eten bat adosteko eskatzen diote herritarrek, bahituak askatzeko. Netanyahuren aurkako presioa handitu du horrek, bahituen senideek leporatzen baitiote horiek askatzeko nahikoa ahalegin ez egitea. Ikasturtean bezala, Euskal Herrian hainbat protesta antolatzen jarraitu dute udan, Palestinari elkartasuna adierazteko.

4. CARLES PUIGDEMONT

2017tik erbestean egon ostean, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak abuztuaren 7an iragarri zuen Kataluniara itzuliko zela, Illaren inbestidura saioan parte hartzeko. Esan eta egin: Bartzelonako Garaipenaren Arkuan agertu zen abuztuaren 8an, 09:00etan, eta, bost minutu inguruko mintzaldiaren ostean, jende oldearen artean galdu zen berriro. Parlamentura joango zela uste zuten arren, desagertu egin zen, eta Kaiola operazioa jarri zuten martxan Mossos d’Esquadra Kataluniako poliziek, hura aurkitzeko: errepideetan, aireportuan, trenetan eta portuan kontrolak jarri zituzten, Puigdemontek ihes egin ez zezan. Handik ordu batzuetara jakinarazi zuten, ordea, buruzagi independentista dagoeneko Waterloon (Belgika) zegoela. Bien bitartean, Salvador Illa Generalitateko presidente izendatu zuten.

5. JAIAK

Uda patxadarako eta ospakizunerako garaia ere izaten da. Euskal Herriko hiriak musikaz, dantzaz eta mota guztietako jardueraz bete dira beste behin: Iruñeko sanferminak izan ziren lehenak iristen —aurten Baionako bestek horiekin bat egin dute hainbat egunez, Olinpiar Jokoak zirela-eta aurreratu egin zituztelako— eta Donostiako eta Gasteizko jaien ondoren, Bilboko Aste Nagusiarekin bukatu ziren. Herriz herri ere izan dira festak, ordea, eta horretan jarraitzen dute: hainbat herritan Euskal Jaia ospatuko dute datozen egunetan, adibidez.


6. PABLO GONZALEZ

Polonian preso eduki dute Pablo Gonzalez Euskal Herriko kazetaria ia bi urte eta erdiz, froga argirik eta epaiketarik gabe, Moskurentzat espioi lana egitea leporatuta. Abuztuaren 1ean, ordea, Poloniaren eta Errusiaren arteko preso truke baten harira, Errusiara eraman zutela jakinarazi zuten. Ospitalean eman zituen egun batzuk, biriketan likidoa atzeman ziotelako, baina osatzean Euskal Herrira etorri ahal izango zela espero zuen familiak. Bien bitartean, ordea, Poloniako fiskaltzak espioitza karguak aurkeztu ditu Gonzalezen aurka.

7. HILBERRIAK

Euskal kulturak bi izen garrantzitsuri esan die agur udan. Batetik, Juan Luis Goenaga margolaria hil zen, abuztuaren 13an. Bost hamarkada pasatxoan egindako lanak bihurtu du euskal artista garaikide esanguratsuetako bat. Bestetik, Jon Irazabal Agirre, 25 urtez Gerediaga elkarteko kudeatzailea eta Durangoko Azokako zuzendaria izan zena hil zen, 63 urterekin. Historialari gisa, lan ugari egin zituen Durangaldeko ohiturei, folkloreari, historiari eta memoria historikoari, bereziki 1937ko bonbardaketari buruz.

top